viernes, 12 de febrero de 2016

Gaurkoan, bero.


Ohetik altxatu, eta ipar poloa dirudien nire gela zeharkatu ondoren, sukaldera noa korrika goizero. Badakit bertan izango dudala zain; batzuetan hotz, besteetan, bero.

Gaurkoan, bero.

Atea ireki, eta esku biekin estu eutsi diot. Bere berotasuna nire gorputzean barrena zabaltzen hasi da.
Orain, alde egin ez dezan, bi eskuekin heldu diot. Nire ezpainak hurbildu ditut berarengana; haren berotasuna sentitzeaz gain, barruan izan nahi dut.

Ezpainekin ukitu bezain pronto, bere berotasuna sentitu dut nire barnean; nire eztarritik behera antzematen dut, eta bihotzaren albotik igaro da, helmugara iritsi den arte.

Ez dut une hau inoiz amaitzerik nahi. Goiz iluna eta hotza zirudien hura, berotu eta koloreztatzea lortu du.

Altxatu, eta zuzen begiratzen diot, orduan, beste egun luze bati aurre egin beharko diodala esaten diot. Azkenengo aldiz, nire barnean sentitu dut bere berotasuna.

Behin guztia amaituta, txorrota piztu eta ur hotzarekin berotasun guztia galdu du. Bihar goizean elkar ikusiko dugulakoan, gainontzeko kikarekin batera utzi dut bere apalean.