lunes, 25 de noviembre de 2013

A25

Gaur astelehena da; gaur, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Nazioarteko eguna da. Hala ere, astelehenero bezala, milaka eta milaka emakumeek jarraitzen dute erasoak jasatzen. Astelehen oro bezala, beldurrarekin iratzarri, eta beldurrarekin oheratuko dira. Zoritxarrez, gizarte moderno batean bizi garela uste dugun arren, oraindik duela ugari desagertuta egon beharko litzakeen eguna da gaurkoa. Hala ere, nik sinistu gura dut helduko dela eguna noiz ez dugu beharrik izango biktima diren emakumeei egun bat eskaintzeko, biktimarik gongo ez den egunean sinistu gura dut. Eta horrekin amestu nahi dut. Ordurarte, txoko hau emakume horieik guztien omenez.





miércoles, 20 de noviembre de 2013

Haurren nazioarteko eguna

Gaurko eguna egun berezia izan beharko litzake munduan. Gaur, haurren nazioarteko eguna da. Munduko toki ugaritan bizi diren milaka haurrek egun honen berri izango ez duten arren, gaurko ere haien guztien eguna da. Haiek ez dute egun hau ospatzerik izango, eta ziur aski, egunero bezala, gaurkoan ere, lanean jarraituko dute bizirik jarraitu ahal izateko. Egun honen bidez, gure gizartean bizi diren umeen eskubideak besterik ez ditugu aldarrikatzen. Argi dago gero eta behar handgiagoa dagoela haien eskubideak aldarrikatzeko, lehen mundua delakoan bizi garen arren, ume asko eta asko egoera traketsetan bizi baitira gure gizartean.

Baina gaurko egunean, ezin ditugu ahaztu, urteko 365 egunak lanean ematen dituzten haur horiek guztiek. Egoera traketsetan bizi direnak eta dirurik ez dutenak bizi baldintza egokiak izan ahal izateko. Gaurko eguna lanean emango duten arren, haien omenez ospatuko dut nik gaurko eguna. Haien eskubideen omenez eta berdintasunaren omenez (berdintasun ekonomikoa).


martes, 19 de noviembre de 2013

Ariane

Gaurkoan testu bat idatzi ordez, egun euritsuetan entzutea ezinbesteko zaidan olerki sorta osatzen duen Ariane olerkia:


jueves, 14 de noviembre de 2013

Zoriontsu bizi

       Aste osoa ematen dugu ostiralaren zain. Ikasturte osoa ematen dugu udako oporren zain. Bizitza osoa ematen dugu zoriontasunaren zain. Baina zergatik ez dugu, bada, zoriontasuna bilatzen eta zoriontasunaz gozatzen? 


       Itxaroten bizi baino nik nahiago dut zoriontsu bizi. Zoriontsu egiten nauten momentuak gozatu eta itxarotea tokatzen zaidan egunetan, zoriontasun hori oroitzapenen kutxatik atera, eta une horiek gogoratzen zoriontsu itxaron. Zoriontasuna gure eskuetatik ihes egiten du sarritan, baita gure ingurutik ere. Horregatik, horren bereziak diren une horiek beti daramat nirekin, une eta petsona(k). Egunetik egunera aurrera egiten laguntzen didatenak. Eta haien presentzia hutsak zoriontsu egiten nau. Askotan, haien presentzia ez ezik, nire bildumaren parte direla jakiteak ere zoriontsu egiten nau. Urrun dauden egunetan, gelako hormara begiratu eta haien argazkiak begiratzen ditut, argazkiak baino askoz gehiago dira irudi horiek: zoriontasuna dira. NIRE ZORIONTASUNA. Haiek guztiak baitira nire zorionasunaren parte eta arrazoi nagusia.

jueves, 7 de noviembre de 2013

"Zoriontasunez ezkutatzen dugu tristura edo tristuraz ezkutatzen dugu zoriontasuna?"

Errutinaren preso bizi garela entzuten dugu maiz. Hori dela  eta, errutinaren alde ilunena eta errutinaz kanpoko mundu koloretsua islatu gura izan dugu laburmetrai honen bidez:

Klikatu hemen laburmetraia ikusteko

jueves, 31 de octubre de 2013

Hesien zirrikitutik

Bada borroka bat urteetan zehar bizirik jarraitzen duena. Urtetik urtera biktimen kopuruak gora egiten du. Milaka pertsonek bizitza "normala" zer den zeharo ahaztu dute, etengabeko borrokan oinarrituriko errutina guztiz bidegabea bizi dute. Kasu honetan, ikasle izana aprobetxatuz bat, bertan bizi diren eta unibertsitateko ikasketak burutu ezin dituzten ikasleen eguneroko borroka kontatzen duen irakasle baten argumentuan oinarritutako dokumentala duzue hau. Haren eta ikasleen istorioari garrantzia berezia eman arren, Palestinako egungo egoeraren berri ematen du dokumental honek,urteetan zehar luzatu eta oraindik, egun bizi duten egoera tamalgarriaren berri:

Palestina, hesien zirrikitutik: Klikatu hemen dokumentala ikusteko

lunes, 28 de octubre de 2013

Antzezlana


   Jaiotzean, gure bizitzako teloia igotzen da. Teloia igo bezain pronto, oholtza gainera igo, eta norberaren bizitzaren antzezlanari ekiten diogu. Batzuetan, pertsona ugari egoten dira eserlekuetan oholtza gainean gertatuko dena arretatsu ikusten, beste kasu batzuetan, ostera, bakarrik aurkitu gara, ez da inor egongo gure antzezlana ikusten, ezta gurekin batera oholtza gainean ere. 


  Ez dio axola zenbat pertsonek osatzen duten norberaren antzerkia. Garrantzitsuena oholtza gainean gauden bitartean, une guztiak baloratzea da. Gure eszenatokira igotzen den pertsonarekin antzeztea da garrantzitsuena: irri egitea, dantzatzea, abestea eta eszenatokian elkarrekin igarotako une guztiak azkena balira bezala bizitzen jakitea. Norberaren antzezlanaren protagonista bihurtuko den horri eskutik estu heldu eta antzerkia amaitu bitartean inoiz ez askatzea da garrantzitsuena.

    Argiak itzali, eta teloia jaisten den egunean, publikoak txalo zaparrada batez agurtu dezan GURE antzezlana. 

viernes, 18 de octubre de 2013

Irribarretsu bizi

     Irribarretsu bizitzearen garrantzia ahazten dugu maiz. Baita irribarretsu bizitzea zer den ere.

Zer da irribarretsu bizitzea?

      Oinutsik egon arren, oinez jarraitzea da. Arrazoirik gabe, irri egiten jakitea da. Begirada neketsu batekin, begiratzeko gai izatea da. Minarekin sendatzeko gai izatea da. Amaierarik gabe maitatzen jakitea da. Ingurukoen maitasuna baloratzen jakitea da. Irri batekin, ingurukoak alaitzeko ahalmena izatea da. Egunik ilunenean, argi izpi bat aurkitzeko gai izatea da. Besarkada edota musu batek duten indarra erabiltzen jakitea da... 


     Erraza dirudien arren, egun, kaleetan, tristuraz beteriko aurpegi serioak baino ez ditugu ikusten. Irribarrea zeharo ezabaturik duten aurpegi ilunak. Irri egitea zeharo ahaztu dutela transmititzen duten aurpegiak. Horren zaila ote da inguruan duguna baloratzen jakitea irribarretsu bizi ahal izateko?



viernes, 11 de octubre de 2013

Iraganera (frankismora) hurbilduz

     Gaur goizean iratzarri bezain pronto, iraganera (frankismora) bidaia egin dudala pentsatu dut. Baina ez da horrela izan, atzo Wert-ek, hezkuntza "hobea" lortzeko asmoz eta ikasketak uzten dituzten pertsona kopurua murrizteko helburuz, LOMCE legea aplikatzea lortu zuen Espainiar estatuan (baita Euskal Herrian ere).  Lege atzeragoia. LOMCE-ren esanahia ondorendoa dela azpimarratu beharra dago: "Ley Organica para la Mejora de la Educación". Izenak berak arrazoi gutxi duela ikusi genezake, ezarriko dituen aldaketak aztertuz gero, egungo hezkuntza sistema mintzeaz gain, atzera pauso izugarria supostatuko du aldaketa honek. Ez du hezkuntza hobetuko, gizartea eta hezkuntza okertu baizik. Hezkuntza sistema aldatzeaz gain, gizartean ere eragina izango duten eta atzerapauso izugarria suposatuko duten ezarpenak dakar LOMCEk, hala nola, genero banaketa sustatzen duten ikastetxeak bultzatzea, hauei diru-laguntzak emanez (besteak beste).

     LOMCE legeak gizartean izango duen eragina hitz gutxi batzuetan laburtu genezake: Sexismoa bultzatu, konpetitibitatea sustatu eta kritikotasuna desagertaraziko du batik bat. 

  Zergatik inposatu behar digute lege atzerakoi bat XXI.mendean?

ADI ASTEBURUAN EGONGO DIREN MOBILIZAZIOEI. Guztiak gara lege berri honen biktima, guztiok pairatuko ditugu eraginak! Beraz, egun hauetan, mugitu eta salatu inposaketa hau!



miércoles, 4 de septiembre de 2013

Malda

Denbora luzez bidean zailtasunik gabe eta lasaitasunez hainbat urrats eman ostean, mendi tontorrera eramango gaituen aldapari aurre egiteko ordua irisi da azken urtean lez. Mendiko botak jantzi, motxila sorbaldan hartu eta makilari gogor eutsiz aldatsa igoteari ekingo diogu. Noizbait amets izateari utzi eta oraina izango den tontorrera iristeko asmoz. Aldapa igo bitartean, aurretik dugun bide luzea egiteko beharko dugun denbora luze eta egun ilunak irudikatu beharrean, aukeran, hobe dugu azken urrats lasai horiek gogora ekarri eta beste behin ere bizi. Atsedenaldi luzean bizitako irri eta negarrak, une gozo eta garratzak... 

Horrela indarrak hartu, eta mendi gailurrera eramango gaituen makilari gogor eutsiz bidea urrats tinkoekin zapalduz. Magalera iritsi aurretik, zoriontsu egin gaituzten une eta pertsonekin oroitu, eta egunero-egunero bideari jarraitu, atsedenaldira lehen bait lehen iristeko asmoz, 5 urrats finko eman eta 2 urratseko atsedenaldia izango dugu. Egun horietan indarrak hartu eta makilak emandako indarrak aprobetxatuz, beste 5 urrats emateko nahikoa indar izango ditugu. 

5 urrats, 2 atsedenaldi... Azkenik, urte amaieran, mendira gailurrera iristeko bide erdia eginda izango dugun arte. Ordurarte, atsedenaldietako urrezko laztanak gorde, eta bidean aurrera egingo dugu. 


lunes, 15 de julio de 2013

Zain

Bizitza osoa zorionaren zain ematen dugu. Zoriontsu egingo gaituzten helburu zehatzak lortzeko zain. Zoriontsu izatera bultzatuko gaituzten momentu jakinen zain. Bizitza osoa ematen dugu zain, sarritan, ohartu gabe zoriontasuna egunero inguruan dugula. Irribarretsu bizitzen laguntzen gaituzten pertsonak gurekin izatea da zoriontasuna. Baita unerik sinpleena ere, bere konpainia soilarekin berezi egiten dituen pertsonarekin igarotako momentuak aprobetxatzea ere: Haren besarkada eta musuak, azkenak balira bezala aprobetxatzen ikastea.

Zoriontasunaren trenaren zain bizi dira pertsona anitz. Eserlekuan jarri eta geltokiko bozgorailuetatik "zoriontasunaren trena" iristear dagoela entzun bitartean, bertatik mugitzen ez direnak. Trena iritsi bitartean, inguruan gertatzen den guztiari jaramonik ez egiteari ekin, eta zoriontasun une ugariri uko egiten dizkiete. Azkenean, geltokia betirako itxi, eta geltokia agurtzen dute zoriontasunaren bidaia ezagutu gabe. 




jueves, 13 de junio de 2013

Hauskorrak

       Txikitatik gogorrak izaten erakusten gaituzte. Tristura eta negarrak gure baitan ezkutatu, eta irri batekin tristura guztiak gure barnean lurperatzen saiatzen gara. Hautsiezinak izatera bultzatzen gaituzte; izan baino, hautsiezinak garela erakustera bultzatzen gaituzte. Gure barnea zati txikietan puskatzen denean, negar malkoak ezkutuan isuri eta kalera irribarretsu irtetzen saiatzen gara maiz. Baina badaude, zoriontasun negarrak, baita urduritasunak eragindakoak ere. Guztiak dira negar-malkoak, eta hauskorrak garen heinean, ezkutaezinak.

      Gizaki guztiak gara hauskorrak, bidean erori eta hezur bat apurtzeaz gain, gure barne-sentimenduek ere pairatzen dituzte zauriak. Negar malkoak dira barne zauriak osatzeko sendagai baliotsuenak sarritan. Negar malkoek askotan irrien konpainia izaten dute; zoriontasun negarrak dira. Hunkigarria den une bat bizitzen dugunean edota hunkitzen gaituzten argazkiak ikusi eta une horiek gogoratzen ditugunean. Bizitza aldatu zigun une hura gogoratzean, edota pertsona berria(k) gure bizitzan agertu eta gure bizitza zeharo koloreztatu du(t)enean. Baita irri eginez hasi eta sentimenduen nahaste izugarriak gure aurpegia negar malkoz betetzen duenean ere. Edota, besarkada estu eta esaldi baten ondorioz, isurtzen ditugun maitasun negar malkoak; hunkigarriak eta  zoriontasunez beteak.

      Hauskorrak gara; bidean oztopo egin eta lurrera erortzen gara. Baina bidea osatzen duten harrien arteko distantzia aprobetxatzen ikasi behar dugu: negar malkoak isuri, eta zauriak orbaindu behar ditugu. Hurrengo harrira iristean, puska bat zoriontsuago izan gaitezen. Eta tristura negar malko horiek, zoriontasun eta maitasun negar malko bihurtu daitezen.

Sudur-gorridun txapelduna



Sudur-gorria, gitarra edo txapela. Irriak, musika edo magia. Publikoarekin harreman estua lortu du denbora gutxian Josu Zubiak. 14 urte zituela magia eta musikaren bideei ekin zizkien. Eta 18 urterekin, pailazoen munduan murgildu zen. Oraingoan, magiarekin txunditu du Oñatiko herria.

Bost hilabeteren ostean, Josu Zubia magoa oholtza gainera igo da berriz ere. 14 urterekin magiaren eta musikaren mundurantz abiatzeko bideak hartu zituen Josu Zubiak. Orain, hirugarren bide bat ere gehitu dio haren bizitzaren lasterketari, pailazo izateko bidea. Horregatik, sudur-gorridun txapelduna da Zubia. Pailazo izateko sudur-gorria jartzeaz gain, magoen txapela ere badaramalako buru gainean. Txapelduna, txapela eramateagatik ez ezik, haren bizitzako lasterketaren txapelduna delako. 19 urte bete berri baino ez ditu eta haren bizitzako 3 lasterketetan helmugara iristea lortu baitu.
Larunbat lainotsua eta iluna. Publikoak zerura begiratzen du urduri, aterkia ireki beharko ote duten galdetzen diote haien buruari. Baina bat-batean, 17:00-etan puntuan, ahots batek arratsaldeko iluna argitu du. Plazan magoaren ahotsa baino ez da entzuten. Denbora gelditu dela dirudi, haur guztiak geldirik daude eta arretatsu entzuten dute ahots ezagun hori. Ahotsak, Josu Zubia aurkeztu ahala, irri eta txalo zaparrada batean murgildurik, magoa agertu da publikoaren artean. Publikoa agurtu bezain laster, oholtza gainera igo da Zubia.

“Zorretan sentitzen naiz. Pertsona ugari etorri dira eta orain zerbait ona egin beharko dut hori konpentsatzeko. Egia esan, urduri nago”, azaldu du magoak ikuskizuna hasi aurretik. Josu Zubiak ikusleriak zeharo ezaguna duen ikuskizunetako txaketa beltza jarri du oraingoan ere. Ikusleria 100 pertsonek osatzen duten arren, urduritasuna behean utzi, eta oholtzara igo bezain pronto publikoarekin harreman estua lortu du magoak. Lehen trikimailuak “izotza apurtu” du, magiarik egin ez duen arren, publikoak haien irriekin egun iluna koloreztatzea lortu du magoak.
            Erlojuaren orratzekin batera, denborak eta ikuskizunak aurrera egin dute. Hainbat laguntzaile igo dira oholtzara mentalismoaz gozatzera; gizon, haur eta emakume. Baina guztiak era berean agurtu gura izan ditu magoak. “Gizonezkoek eskua emateko ohitura dugu, baina nik nahiago dut guztiak bi musurekin agurtu”, argitu du Josu Zubiak.

            “Eta orain, animalia bat agerraraziko dut eskuzapi honekin”, adierazi du magoak. Haur guztiak aho-zabalik gelditu dira. Eta haurren artean, untxia edota uxo zuria aterako dituela entzun da. Zubiak, eskuzapia hartu eta esan bezala, animalia bat agerrarazi du. Hain zuzen ere, eskuzapiarekin egindako oiloa. Une honetan, haur guztiek barrez lehertu dute, eta plazan haien irri eta algarak besterik ez ziren entzuten. Baita zutik zeuden gurasoenak ere.

            Karta izatetik, zapi izatera igaro da bihotzezko erregea. Ostera, 8ko bihotza zati txikietan puskatu, eta limoi baten barnean agertu da osorik. Sinaturiko 10 euroko billetea, 5 euroko batean bihurtu da, eta ondoren, sinaturiko 10 euroko billetea laranja baten barnean agertu da. Laranja ireki bitartean, ikuslegoa agurtu du Zubiak: “Plazer handia izan da zuekin egotea Oñati, mila esker eta laster arte. Muxu handi bana guztiontzat”.

            “Publikoak magiarekin jarraitzeko gogoa transmititu dit; beldur eszenikotik, plazer eszenikora pasatu naiz. Plazer hutsa izan da niretzat hemen egotea”, azaldu du magoak ikuskizuna amaitu bezain pronto. Baina magoak ez ezik, publikoak ere asko gozatu du ikuskizunean zehar. Haur, gazte eta helduen aurpegietan, hasieran zeharo ezabaturik zuten irribarrea dago marraztuta. “Ez naiz minutu bat ere aspertzen Josu Zubiaren magia ikuskizunetan. Beti berrikuntzaren bat du eta ez ditu inoiz haren trikimailuak errepikatzen”, azaldu du Maiderrek. Aterkia irekitzeko beharrik egongo ote den ahaztu du publikoak, eta magiaz gozatzen ikasi dute ordubetez.

jueves, 30 de mayo de 2013

Trena

     Maleta hartu, eta tren geltokian eseri nintzen. Eserlekuan zegoen emakumeari ordua galdetu, eta trena iritsi bitartean, haren alboan jarri nintzen. Maleta lurrean itxi, eta lurrean bueltaka zebilen usoari begira gelditu nintzen. Noraezean zebilen usoa, geltoki jakinik gabe, helmuga zehatzik gabe. 

     Tren hotsak nire pentsamenduetatik atara zidan eta 6. bagoira gerturatu nintzen. Ateak ireki bezain laister, trenean sartu eta 18. eserlekuan jarri nintzen - leihoaren ondoan -. Trena martxa jarri bezain laister, eserlekuan zegoen emakumea eta usoa gero eta txikiago ikusten nituen. Azkenean, geltokian utzi eta betirako agurtu nituen arte.

     Leihotik begiratu eta hainbat uso ikusi nituen hegan. Geltokian lagun izan nuen usoarekin gogoratu nintzen. Une batez, nire bizitzaren parte izan zena, baina orain, iragana dena jada. Oraindik trenean jarraitzen dut, eta usoak bezala, helmuga jakinik ez dudan arren, ez dut nahi trenetik jeistea. Hau baita nire bizitzaren trena. Nire bizitzaren bidaiaren bideak markatzen dituen trena.

     Oraina. Bidaian zehar aurkitzen ditugun geltoki horiek dira oraina. Hurrengo geltokira iristean, iragana izango diren geltokiak. Baina beti ere, istorio, irri eta negarrak biltzen dituzten geltokiak. Hasieran bakarrik hasi dugun bidaian lagun izango ditugun pertsonak biltzen dituzten geltokiak. Eta gure bidea argitzeko gai den pertsona gordetzen duen geltokia; nire bizitzaren trenera igo denetik, alboko eserlekuan dudan pertsona. Eta bidaia luze honetan une oro alboan izan nahi dudan pertsona.

martes, 21 de mayo de 2013

Paradisu bat, basamortu hontan

Egun batzuk hutsak eta ilunak dira. Ingurua begiratzen dugun arren, kolorerik ikusten ez ditugu. Basamortu batean galdurik gaudela dirudien eguna. Gure inguruan hondarra besterik ikusten ez dugun eguna. Pausoa zein norabideetan eman behar dugun ez dakigun eguna. Eta amore eman baino lehen, paradisuan pentsatzeari ekiten diogun eguna.

Paradisua: itsasoa, hondartza eta eguzkia. Bai, horrela ere definitu daiteke paradisua. Baita lasaitasunarekin ere. Baina nik nahiago dut paradisua pertsona zehatz(ar)ekin erlazionatu. Edozein leku paradisu bihurtzeko gai den hura. Edota keinu xume batekin nire barnean paradisua sortzen duena.

Ohean bota, eta begiak itxi ditut. Hondartzik ez da ageri bertan, ezta itsaso eta eguzkirik ere. Toki anitz ikusten eta gogoratzen ditut baina pertsona bakarra. Agian lekuak ez ezik, hura da nire paradisua; toki, une eta esparru desberdinetan irribarretsu ageri den hura. Begiak ireki aurretik besarkada estu batekin agurtzen nauen hura eta etorkizun zoriontsu baten inguruan belarrira hitz egiten didan hura. Ezpainetan ahogozoa uzten duen musuarekin agurtzen dudan hura...

Zertarako paradisua, maitasunik ez bada?


lunes, 20 de mayo de 2013

Erreportajea

Orain dela hilabete gutxi batzuk BIZKAIBUS-ek Euskal Herriko Unibertsitatera (UPV/EHU) joateko eskaintzen dituen zerbitzuen inguruan idatzi nuen kritika batean oinarritutako erreportajea:

 Sakatu hemen erreportajea ikusteko


miércoles, 8 de mayo de 2013

Argia

       Euria ari du. Kaleak gris bilakatu dira, are grisago jendearen aurpegi eta bihotzak. Pausoa bizkortu dut, nire baitan dagoen koloreak itzaliko dira iluntasunak harrapatuz gero. Argi bat ikusi dut kale amaieran, harengana gerturatu ahala indarra galtzen ari dela ohartu naiz. Atzera begiratu eta iluntasuna bertan dago, laster haren menpe egongo naiz. Eta gainontzeko pertsonengandik bereizten nauen irribarrea ezabatuko da. Iluntasunak arrapo bezain laister, inguratzen nauen grisaz gain, nire eskuak begiratu eta nik ere kolorea galdu dudala konturatu naiz.
 
      Erotu aurretik etxera itzultzea erabaki dut. Etxeko atea ireki eta gelan sartu naiz. Kalean ikusi dudanaren inguruan hausnartu ondoren, pertsonek irri egiteari zer nolako beldurra dioten ohartu naiz. Monotonia batean sartu eta guztiak seriotasuna mantendu gura dute kalean zehar. Agian, horrela besteon aurrean errespetatuak izango direla uste dutelako, edo, agian, irri egitea zer den ahaztu dutelako jada. Zoriontasunaren aurpegia haien bizitzetatik guztiz ezabatu delako.
 
     Nik, ordea, nahiago dut kaletik irribarretsu joan, eta irria marrazteko nahiko margo lortzen ez ditudan egunean, nire mundua koloreztatzeko gai diren oroitzapenetara jotzen dut. Gela apaintzen duten argazkiak hartu, muxu bat eman eta panpina estu heldurik, une horiek gogoratuz irria berreskuratzen dut. Irria bakarrik ez eta indarra ere berreskuratu dut. Orain inguratzen nauen iluntasunean argi izpi bat dago une oro. Aurre egiten laguntzen didan argi izpia eta grisik ilunena irrifar xume batekin koloreztatzeko gai den argi izpia. Inoiz itzaltzerik nahi ez dudan argia.

miércoles, 1 de mayo de 2013

Hitzik ez

      Eta oraingoan ere griserik ilunena argiztatzeko gai dela erakutsi dit. Unerik eta tokirik tristeena haren irribarrearekin koloreztatzeko gai da. Baita besarkada edota musu batekin nire ezpainetan irri bat marrazteko gai ere.

       Ezinbestekoa, zoragarria, paregabea... Hala ere, hitz egokia aurkitu ezin nabil oraindik, hitzak ez baitira nahiko sentitzen dudana adierazteko.


sábado, 27 de abril de 2013

Arraina

Animalia izateko aukera izanez gero, arraina izatea gustatuko litzaidake. Arrainek oroimenik ez dutela diote. Beraz, egunero ohetik altxatu eta guztia berria izango zen. EGUNERO, lehenengo aldia izango litzake. Lehen musua, lehen besarkada, hura ikusten duzun lehen aldia... Hurrengo egunean gaur bizi izandakoa ahaztuko duzula jakinik, unea inoiz baino gehiago aprobetxatuko zenuen.

Hala ere, badaude hainbat une noiz mundua gure azpian gelditzen den. Haren atzamarrak zure eskua ukitzean, besarkada bat ematean edota muxu bat jasotzean. Ingurura begiratu eta lurrak birak emateari utzi diola iruditzen zaizun unea.


Hain zuzen, horiek izango dira inoiz ahaztuko ez dituzun uneak. Gelan duzun oroitzapenen kutxan gordetako irudi eta oroitzapen guztiak betik bizirik baitaude. Une horiek guztiak, gure oroimenaren kutxan gordetzen ditugun bitartean, betik jarraituko dute bizirik eta beti egongo dira gurekin. Une horiek zein uneak ahaztezin egin dituzten pertsonak,  egunero lehen aldi guztiei aurre egiteko indarrak ematen dizkigutenak izango dira.

miércoles, 24 de abril de 2013

Matxingorringoa

       Udaberriarekin batera eguzkia etorri da gurera beste behin ere. Lehen eguzki izpiak, lehen zoriontasun irriak... 

          Hiriko kaleek koloreak berreskuratu dituzte. Autobus geltokiak, ordea, haur batek marrazturiko irudia dirudi. Hasieran marra beltz eta fondo zuria besterik ez zuen arren, gorri, berde eta hori ikusten da jada. Autobus geltokiko jasarleku berdean eseri, eta zelaian dagoen matxingorringoarengan bideratu dut arreta. Harengana gerturatu eta atzamar punta jarri diot bertara igotzeko. Jasarlekuan eseri gara biak berriz ere. Nire atzamarrean geldik zegoelarik, eskua altxatu, eta hegalak mugitu aurretik, haren itxurari erreparatu diot.

         Dotoreak dira oso matxingorringoak. Borobilak eta txikiak. Guztiek daramate traje gorri polit bat soinean, eta baita narrio beltz bitxiak ere. Hatzamar puntara gerturatu denean, errepidera begiratu dut, autobusa oraindik ez da ageri. Beraz, matxingorringoa hatzamarrez aldatu, eta haren presentziaz gozatzen jarraitu dut. 

            Nire atzaparretatik ihes egitea helburu duen arren, ez diot utzi alde egiten. Beste behin ere, atzamarran harturik, besoa luzatu, eta ni baino gorago ikusten dut matxingorringoa. Oraingoan, ordea, aske izaten utziko diot. Eguzki izpiak bere gainean antzeman bezain laister, hegoak astindu eta alde egin du matxingorringoak. Badoa munduari aurre egitera - ni hemen utzita -. Nire atzamarraren presio azpian, hegoak astindu eta alde egin du matxingorringoak, aske izatea erabaki du, inoren presiorik jasan gabe, bideari ekin dio.

       Matxingorringoaren arrastorik ez dut ikusten inguruan, bai, ostera, nire autobusa. Motxila sorbalda gainean jarri eta nik ere alde egin dut bertatik. Jasarleku berdea bakarrik gelditu da. Ziur aski ez du gehiago matxingorringoaren konpainia izango, hark askatasun hegakaden bidez mundua ezagutzea erabaki baitu. Nik, ostera, errutinaren autobusa hartu dut beste behin ere. Eta laister izango naiz berriro autobus geltokiko jasarleku berdearen magalean matxingorringo dotorearen bila...

jueves, 11 de abril de 2013

Errutina

        Eta bat-batean ohartzen zara gauzak ez direla aldatu. Eta, ziur aski, inoiz ez direla aldatuko. Egun hartan, zure barnean gutxieneko esperantza piztu zen arren, guztiak berdin darrai. Betiko aurpegiak, betiko barre eta negarrak. Orduan lehenengo egunari ekin, eta azkenengo hilabeteetan bezala zure , irri egiten saiatu eta ausartzen zara. Negarrak ezkutatzen dituen irria dela entzuten duzu maiz, baina horrek ez dizu axola. Zuk badakizu irri horren atzean benetan zoriontsu egiten zaituen hura dagoela. Egun batzuen buruan, irriaren atzean ezkutatzeaz gain, zure alboan egongo den hura.

         Guztia aldatuko den eguna iritsi bitartean, zoriontasuanren atzean ezkutatzen den horri eutsiko diozu. Egunero iratzargailua gelditu bezain pronto, haren ondoan duzun hura begiratu eta irribarretsu altxatuko zara, beste egun bati aurre egiteko asmoz. Beti ere, helmuga bakar bat helburu izanik. Bidean zehar beharrezko izan duzun musu, besarkada edo begirada bakar bat izango dira helmuga. Bidea eraikitzeko gai diren keinuak izango dira helmuga. Eta keinuen atzean dagoen hura, saria.

jueves, 4 de abril de 2013

Marrazki koloretsua



     Paper zati bat hartu eta eskura dugun kutxatik koloretako margoak atera ditut. Ez urdina, ezta gorria ere. Guztiak hartu ditugu. Guztiak eskuan estu heldu eta etorkizuna izango den paper hura margotzeari ekin diogu. Orain urte batzuk agian, arkatzarekin baino ez genuen apainduko marrazki hura egin dugu: ETORKIZUNA.

     Etorkizunaren inguruan ziurtasunez dakigun gauza bakarra orduro 60 minutu aurreratzen ditugula da. Berdin du nor izan, nolakoa izan edo zer egin, beti berdina izango baita. Ez du axola iraganean zenbat harrirekin erori zaren, ezta zenbat aldiz barkamena eskatu duzun ere. Denbora ezin dugu gelditu. Guztiok bide bera jarraitzen dugu, eta, beraz, atzean utzi behar ditugu damu, barkamen, akats eta erortze guztiak. Oinez jarraitzen dugun bitartean gure bidea eraikitzeaz gain, gureak baino ez diren aztarnak ere bertan utziko ditugu. Ez nire aztarnak, ezta zureak ere. Gureak baizik. 

     Gaur etorkizuna da jada. Atzo idazten nituen lerro horien etorkizuna hain zuzen ere. Beraz, orain idatzitakoa, biharko lerroetan iragana izango da. Baina horrek ez dit axola. Garrantzitsuena, zoragarriena eta indarrak ematen didana, lerro hauen atzean gordetzen den hura inoiz aldatu ez izana da. 


miércoles, 20 de marzo de 2013

BIZKAIBUS



Nola definitu ikasleon bizitza? Bizkaibus-en zain dauden bitartean begien aurretik ihes egiten duen hori da ikasleon bizitza. 

     Unibertsitate publikoa izenaz ezaguna den hartara joateko, egunero euro bat eta 10 zentimo ordaindu behar dituzte Leioako Campusean ikasten duten guztiek. Zertarako ordaindu? Gutxieneko zerbitzuak ematen dituen BIZKAIBUSi dirua eman eta unibertsitate publikoan ikasi ahal izateko. 
Kafetegia, zelaia etab luze batek osatzen dute ikasleon ordu libreak. Baina klasetik irten eta askotan pertsona gutxi batzuk besterik ez dira ikusten Leioako campusean. Zergatik ote? Ikasleok elkartzeko gune bihurtu delako autobus geltokia.

     Klaseak amaitu bezain laster motxilan liburuak sartu eta eguneroko maratoiari ekiten diote ikasleek. (Badirudi Korrika iritsi dela Leioara). Autobusa galduz gero, geltokian ordu erdi baino gehiago itxaron beharko baitute haien etxetara heltzeko egun luze baten ostean. Maratoiari ekin eta helmugara heltzean, autobusa nola urruntzen den ikusiz BIZKAIBUSi kritika egin eta autobus geltokian esertzen dira guztiak. Bertan eseri, eta BIZKAIBUSen biktima diren gainontzeko ikasleekin batera, amaigabea dirudien ordu-erdiari aurre egiten diote.

     Baina zergatik horrenbeste kritika BIZKAIBUS zerbitzuari? Egungo ikasleak hezten laguntzen du zerbitzu honek. Ikasle asko eta asko autobus geltokian eseri eta ingurukoak hitz egiten edo liburuekin ikustean, motxila ireki eta lanak egiten hasten dira. Horren da aspergarria egunero autobusa itxarotearen errutina, ikasleok unibertsitatetik deskonektatu ordez, liburuak hartu eta lan egiten hasten direla. Gainera, “operación bikini” delakoa egitera animatzen gaitu BIZKAIBUS zerbitzuak. Egunero maratoiak egiten baitituzte ikasleek autobusa hartzeko. Bidean, milaka pertsonen artetik igaro eta azkeneko 3 eskaileretan salto ikaragarria egiten dute ikasleek. Ondoren, unibertsitateko ateak indarrez ireki eta azken spring-ari ekiten diote. Orduan, helmuga tokiz mugitzen da, urrunduz hasten da, autobusaren letrak ez dira ikusten jada, motxila lurrera bota eta zerura begiratuz ohiu egin ostean, autobus geltokian eseri eta hurrengo ordu erdi luzean etxean egongo zirela gogoratuz, amorruz betetzen dira ikasleak.

     Garai batean ikasleon arazoak lan bat egunerako entregatzea zen. Gaur egun, autobusera igo eta arazorik gabe pasatzea lorpen ikaragarria da. Ikasleok ez dute musikarik entzuten, makinetako soinu liluragarria entzuten dute: (PIPIPIPIPI) Creditrans agortua. (PIPIPIPIPI) Barik-a ez du irakurtzen makinak (PIPIPIPIPI). Urtean zehar oporretan joateko aurreztu ordez, ikasleok oporretan aurrezten dute unibertsitatera heldu ahal izateko, urtean 300-400 euro inguru ordaindu behar baitituzte autobus batean zutik eta ondokoaren motxilaren kontra estuturik joan ahal izateko.

     Zer moduz eguna ikasle? Zer egin duzu gaur? Autobusari itxaron eta creditrans berri bat erosi. Hau da ikasleon benetako errutinaren alde iluna. Ikasleak klasera haserre joatearen arrazoi nagusia eta ikasleak etxera amorruz beterik iristearen arrazoia.

     “Mugitzeko garaia da, BIZKAIBUSi aurre egingo diogu”. Unibertsitatearen inguruan egiten diren ekitaldi garrantzitsuenetakoen lelo bihurtzen ari dira horrelako esaldiak. Noiz amaituko da kaos hau?