lunes, 24 de diciembre de 2012

Eguberri OFF

Haurrak urduri daude olentzero noiz ikusiko zain. Gurasoek azkenengo oparia bildu dute kolore gorridun paperean. Guztiek horren zoriontsuak dirudite. Irriak besterik ez dira entzuten herriko plazan. Haurrak itxaroten dabiltza olentzerori zeinen formalak izan diren kontatu eta muxu bat emateko. 


Urte guztian gurekin oroitu ez diren guztiak elkartzen gara mahai inguruan. Eta elkarrekin egoterik ez badugu, faltsukeriaz beteriko mezuak jasotzen ditugu. Gabon zoriontsuak opa dizkiguten mezu ziztrinak. Bihar goizean zuhaitz azpian kokaturiko opariak ireki ostean,  guztiz ahaztu zaizkie ingurukoei gure zoriona. Ez dizkigute bizitza zoriontsurik desioko eta hurrengo urterarte ez dira gurekin oroituko, ezta gugandik arduratuko ere.

Batzuentzat urteko egunik zoriontsuenak dira. Niretzat, ostera, kontsumismoan oinarrituriko faltsukeriaz betetako egun ilunak dira.

Oparirik ez duenak, haurrik ez al du maite?



jueves, 20 de diciembre de 2012

Zarata

     Eta konturatu orduko amaituko da guztia, nahiago baino azkarrago, adin nagusikoa izan arren. Mundutik desagertzen dira gizakiak. Baina guztiak ez dira oroitzen. Guztiek ez dute oinatzak uzten bidean. Horregatik, guztiok zarata egin behar dugu. Inguruan dauden guztiek gure presentziaren berri izateko eta ondoren etorriko direnek gure oihartzuna entzun dezaten. Beharrezkoa da aztarnak uztea bizitzaren bidean. Baina badaude hainbat pertsona ikusezin ere. Behatz punetan dabiltzanak ahalik eta isilen ibili ahal izateko, ingurukoek beraien presentzia ez sentitzeko, eta ondorengoek, atzean utzitako bidea begiratzean, aztarnarik ez ikusteko. 


    

     Nik zarata egiten duten horietakoa naiz. Ingurukoek nire berri izan dezaten. Eta bidearen amaierara iristen naizen egunean, ondorengoek atzera begiratu eta nire oihartzuna entzuteaz gain, bidean ere nire aztarnak ikus dezaten. Fisikoki nire presentzia ez izan arren, bertatik igaro naizenaren ziurtasuna izan dezaten ondorengoek. Nik atzera begiratzen dudan bakoitzean, aurrera egiten erakutsi didaten eta nirekin ez dauden horien ahots fina entzuten dudan bezala, baita nire bidean utzi dituzten aztarnak ikusten ditudan bezala ere.


lunes, 17 de diciembre de 2012

Oraina, etorkizuneko iragana

Armairuaren sakontasunean hautsez beterik aurkitzen den argazki-bilduma ireki dut. Oroitzapenen bilduma. Oroitzapenez beteriko hainbat eta hainbat album izan arren, bakar batek lortzen du nire begiek malkoak isurtzea. Gaurkoan hura ireki dut, eta lehen argazkiak irribarretsu ikusi ditudan arren, amorruak irentsi nau. Albuman aurrera egin ahala, negar malkoak argazki baten kontra jo eta atzamarra zipriztindu nau. Albuma ireki eta nire bihotza zirpriztintzen duten amorruz beteriko uneak bezalaxe. Maiz entzun dudan arren berriz ere garai haietara itzultzeko milaka pertsonen desioa, nik nahiago dut iragana atzean utzi.

Iraganeko liburua itxi eta bihar iragan berria izango den orainaren liburua idazteari ekingo diot. Non protagonista berriak agertu eta lerro tarteetan zoriontasuna irakurriko den. Egunen batean, armairuaren tontorrean, edo agian, ohe ondoko apalean egongo den liburua . Eta tristurak irensten nauen egunetan irekiko dudana. Zoriontasuna barneratu eta irribarretsu bizi ahal izateko. 

jueves, 13 de diciembre de 2012

Aterkia

     Izarak gainetik kendu, eta jaiki bezain pronto sareta jaso dut. Euria ari du. Lehioa ireki eta zerura jarraiki begiratu dudan arren, lainoen artean ez dut eguzkirik aurkitu. Aterkia armairutik atara eta motxilan sartu dut. Arropak jantzi, motxila hartu eta kalera irten dut. Hodei grisek isurtzen dituzten euri tantetatik babestu nahian aterkia ireki, eta aurrera jarraitu dut. 

      Berehala konturatu naiz aterkia zein den garrantzitsua. Baita arazoetatik babesteko ere. Egunero inguruan sortzen diren ekaitzetatik babesteko beharrezko dugu aterkia. Hura ireki eta arazoen artetik ezer sentitu gabe  igaro eta azkenan zoriontasuna aurkitu ahal izateko. Baina alboan aterkirik ez dugunean eta euri tantek blai eginda uzten gaituztenean, ezinbesteko zaigu euri tantak lehortzen dituen eskuzapia gurekin izatea. Bidean gugana iritsi diren euri tanta horiek guztiz ezabatzen dituenak, inongo arrastorik utzi gabe.

     Koloreak mundutik ezabatu direla uste dugun egun grisetan eguzkiak topatzen ez badigu, aterkia ireki, eta guk aurkituko dugu eguzkia.

martes, 11 de diciembre de 2012

Bideoa ikusten den bakoitzeko 0,05€ bidaliko dira haurren minbizien ikerketan laguntzeko




Esnatu da etxeko txikia. Alde batera begiratu eta ondoan aurkitzen den ohe hutsa nork beteko duen galdetzen dio bere buruari egunero. Atera begiratu bezain pronto, gurasoak eta anaia sartu dira atetik. Muxu bana eman ondoren, bere alboan jarri eta egunero bezala irribarretsu egoten lagundu diote. Atea jo dute. Amantala zuridun jauna sartu da atetik. Txikitxoak ondo daki zer datorren orain, froga bat, eta beste bat... Azkenean, buelta erdia emanik denak ondo irtengo duela esaten dio nekez sorturiko irribarre zurrun batekin.

Heldu da eguna eguna eta etxeko txikia zen hura familiako buru da jada. Aurre egin zion minbiziari, 2012.urtean haurren minbiziaren gaineko ikerketak egiteko lagundu zuten guzti horiei esker. Ez dakit guk bideoa ikusi bakoitzean 0,05 € horiek iritsiko diren gaixotasun honen ikerketekin jarraitu ahal izateko. Diru kopurua handia ez dirudien arren, guztiok sakatzen badugu botoia milaka haurren bideen ateak irekiko ditugu. Haiek ere merezi dutelako bidean aurrera egitea eta haien bilobak eskutik parkera eramatea,

Ikusi bideoa eta zabaldu!


lunes, 10 de diciembre de 2012

Bideari ekin

Bizi izandako une bakoitza zein garrantzitsua den konturatu naiz gaur. Iraganak orainan duen indarraz eta etorkizuna aukeratzeko duen botereaz. Ahaztu baino, ez pentsatu izango litzake esaldi egokia. Baina nork aukeratzen du iraganeko zein une ahaztu? Nik nahiago dut harriarekin oztopo egiten dudan bakoitzean, zutik jarri, eta harriaren atzetik irribarretsu keinu egiten didan une hura gogoratzea. Behin jaikita, lehen pausua emateko indarra ematen didan unea. 

Iragana, etorkizuna. Eta oraina? Oraina zer? Guarkoan hiru hitz hauen inguruan hausnartzearen errudun dugu Kirmen Uribek idatzi berri duen "Mussche" liburuaren lehen orrialdean idatzitako pasarte sinple eta arantzaduna: 

"Zenbaitek uste dugu geure burua egiten goazela, eta neurri batean egia da. Baina, bestalde, egin egiten gaituzte. Ni neu egin egin naute, hasieran gurasoek eta gero bizitzan zehar ezagutu ditudan pertsonek, eta zortea izan dut. Baina batzuetan iraganak pisu handiegia du gure bizitzetan, ez da gauza bera mihise zuri batean margotzea edo aurretik belztuta dagoen batean. Zaila da hark koloreak ateratzea".


miércoles, 5 de diciembre de 2012

Ispiluaren filma

Testua irakurri aurretik sakatu "PLAY" botoia.



Eta amorruak jaten dit barrutik. Negar malko bat isuri dute nire begiek. Lehena eta azkena. Begiak gogor itxi eta zapi zuri batekin tristura guztiak ezabatu ditut. Negarrak ez dira amorruaren ondorio, zorionarenak baizik, hain zuzen, hasarratzea ezinezkoa izatea lortu duten sentimenduengandik. 

Negar malkoak tristurarekin lotzen dira maiz. Nik, berriz, nahiago dut zorionaren ondorio direla pentsatzea.

"Momentu perfektuak" izenaz ezagunak diren uneak gogora ekartzen didaten abesti kuttunak entzutean erortzen zaizkidan zorion negar malkoak dira gustuko ditudan horiek. Negar malkoa isuri, eta, ispilura  begira, nire ingerada ezabatu eta une hori ikusten dut. Negar malko horiek magikoak dira, ispiluaren aurrean jartzean, indarra hartu eta ispiluak telebistaren itxura hartzen du, bertan, une kuttun horiek proiektatzen direlarik. Bat, eta beste bat, eta beste bat... Azkenean begiak itxi eta telebista itzaltzen dut, negar malkoa sakatuz. Ispilutik ezabatuak izan dira une guztiak, baina ez nire oroimenetik. Motxila jarri eta banoa. Malkoek irri itxura hartu dute. 

Distantziaren errua da, edo, agian, distantziaren mesedea. Orain arte beharrezkoa zen hura, ezinbesteko bihurtu da. Eta horregatik, ispiluan proiektatzen diren uneak geroz eta gehiago dira. Hurarekin momentu eta egoera guztiak baitira berezi eta ahaztezinak. Eta horregatik, nire ispiluaren filmaren parte bilakatzen dira hurak berezi egiten dituen une, minutu eta segundo oro.

lunes, 3 de diciembre de 2012

Esperoan

     Bizitza osoa igarotzen dugu momentu jakinen zain. Egunero begiak itxi eta irudikatzen ditugun une perfektuen zain. Gauean, lokartu aurretik, amesten dugun une horien zain. Bizitza larrosa kolorez marrazteko gai diren uneen zain. Gure aurpegian irri bat marraztea lortzen duten uneen zain. Baina, agian, ez ditugu uneak itxaroten. Une horiek bereziak egiten ditu(zt)en pertsona(k) baizik.

     Egunetik egunera zoriontsu egiten gaituen pertsonen ondoan noiz egongo zain. Bere besarkada goxoak jasotzeko eta bere ezpainak sentitzeko zain. Aberats egiten gaituzten urrezko laztanen esperoan. Eskutik estu heldu eta momentu txarrak ahazteko momentuen zain. Arduratzen gaituzten gauzak ahaztu eta zoriontsu izateko uneen esperoan. Maitatuak izateko momentuen zain.  


     Horrenbeste denbora esperoan igaro ostean, momentuak iritsi bezain pronto iragan bihurtzen dira. Oroitzapenen parte dira jada. Esperoan egiten ditugun egun grisak koloreztatzen dituzten oroitzapenen parte. Mundua larros irudikatzen duten momentuen zain jarraitu bitartean, behin itxaron genituen momentuen parte diren oroitzapenak irudikatuko ditut. Egunero, ezinbesteko lagun dudan irriaren konpainia izan ahal izateko eta esperoan emandako egunek ere larros ikutu bat izateko.