viernes, 30 de noviembre de 2012

Sutondoari begira

Zaharra da oso. Aurpegian, bizitzan zehar jasan dituen eraso desberdinen ebakiondoak ditu. Askotan, sutondoan jasartzen naiz bere presentzia lagun izanik. Begietara begiratu eta ebakiondoen zergatiak galdetzean, begiak negar malkoz bete eta etorkizunaren inguruan hitz egiten dit. Zauri horiek sendatuko dituen pertsonen berri ematen dit. Ziur dago oso, egungo gazteak izango direla zaurien mediku. Eta egunen batean, aurpegian dituen ebakiondoak ezabatu eta oroitzapenen kutxan gordeko dituela esaten dit. Belaunaldiz belaunaldi igorriko den kutxa. Iraganean gertaturikoa inoiz ez gertatzeko, oroitzapenen kaxa irekitzea gomendatzen dit. 

Kutxa horren berri izan nuen unetik, noizean behin ireki eta bere alde borrokatzen dut. Zauri horiek desagertzeko borrokan. Inoiz halakorik ez gertatzeko borrokan. Eta beti bizirik mantentzeko borrokan. Dagoneko milaka pertsonek egin dugu iraganean hasi zen borrokarekin bat.

Oroitzapenen kutxa ixten dut baina ez dut inoiz ahazten. Beti nirekin dago. Ez diot inoiz bakarrik utzi eta beti nirekin daramat. Dagoeneko itzali da sua. Zutik jarri eta agurtuz banoa. Laister elkartuko garelakoan nago: Hurren arte EUSKARA!

miércoles, 28 de noviembre de 2012

Intimitate pertsonala, edo halako zeozer

     Mugikor baten bibragailua entzun da ikasgelan. Ikasleak mugikorra hartu, eta mezua irakurri ostean zerbait idatzi du. "Pipi". Mezu bat iritsi zaio nire gelakideari. Barre algaraz zerbait idatzi du. Nire mugikorra begiratu dut. Irakurriko gabeko mezu bat dut. Ireki eta Deustuko wifi-a hackeatu dutela irakurri dut. Hainbat gazteen intimatea uztartzen dituzten argazkiak zabaltzen ari direla irakurri dut. Gelatik irten eta korridorean Deustun gertaturikoaren inguruko azken orduko berriak eta barreak besterik ez dira entzuten. "Ikusi tipa hau!". "Ikusi argazkia hau: A zer nolako titiak!". "Tipo honek sekulako ipurdia du"...

     Unibertsitateko atea ireki eta kanpora irten naiz. Haizea hartu eta gertaturikoan inguruan hausnarketa txiki bat egitea erabaki dut. Nire mugikorrak eztanda egingo du laister, milaka mezu eta milaka gezur irakurri ditut. Mugikorra itzali eta begiak itxi ditut. Inguratzen nauten lagun taldeen barreak entzuten ditut. Pertsonen intimitate faltaren inguruko barreak. Maltzurkeriaz beteriko barreak, iraingarriak oso. Bidali dituzten argazkiak pertsonen intimitatea erabat hausten dute. Pertsonen bizitzak hausten dituzte. Pertsonen bizitza izorratzen dute. Guztiok dugu gurekin egoteko beharra. Momentu txarretan gure gelan sartu eta gure mundua eraikitzen dugunean. Inguratzen gaituzten gauza guztiak ahaztu eta gure mundua gris bilakatzen duten lainoak ezabatu eta oztadarra margotzen dugunean. Gurekin egon nahi dugunean eta gurekin gozatu nahi dugunean.

     Zoritxarrez edo zorionez, milaka pertsonek ez dute fenomeno honen berri. Baina tira, guzti honek izen bat du, intimitate pertsonala, edo halako zeozer.


martes, 27 de noviembre de 2012

"Dana eman behar jako maite dan askatasunari"


Hegazkinak entzuten dira. Beste leherketa bat herrian. Korrika dabiltza herritarrak. Haurrak urduri daude, gurasoak beldur dira. Trintxeretara heldu dira guztiak. "Aitona falta da" ohiukatu du bost urteko haurrak. Amonak salbu dagoela erantzun dio. Ondoren zerura begira, keinu batekin bere senarra agurtu duelarik. 

Atea ireki zuen gizon batek. Aitaren izena ohiukatu eta besotik helduta atetik irten ziren biak. Gaur iritsi da aitaren gutuna. Azken aldiz berarengandik banatzen nauten zerrailen beste aldean ikusi nuen aita. Makal eta triste zirudien. Amak gutuna ireki eta irakurtzen hasi da. Amaren negar malkoek gutunera erortzean aitaren tristura hitzak ezabatu dituzte.

Denborak aurrera egin du. Aitonaren falta somatzen zuen haurra, aitona da jada. Eta Bizkaiak jasandako bonbardaketak oroitzean bere bilobari, tristuraz betetzen zaio bihotza. Begiek dirdira egiten diote, itsaso bilakatu dira. Tristuraren itsaso. Aita espetxean zuen haurra, aita da orain. Maite duen herriarengandik dana eman duen aita. Bere semeari maite duenagatik borrokatzen erakutsi dion aita eta bere semearentzat begirik baino ez duen aita.

Eraso guzti hauek iraganeko kontu direla entzuten da maiz. Oroitzapen guzti hauek milaka pertsonen bihotzetan gordeta dauden bitartean,bizirik jarraituko dute. Eta etorkizunean halakorik ez gertatzeko, bihotzetan pizturik jarraitu behar du suak. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den sua. Inoiz indarrik galdu ez duen sua. Amaierara iritsi arte bidearen iluntasuna argituko duen sua.

lunes, 26 de noviembre de 2012

A25



     Atzokoa ez zen egun arrunta izan, borroka eguna baizik. Berdintasuna lortzeko borroka. Gizakume eta emakumeen indarrak batzeko eguna eta berdintasunaren mundura iristeko bidean beste urrats bat emateko eguna. Beraz, lerro hauek, tratu txarrak eta eraso sexistak jasan dituzten emakume guztien omenez idatziko ditut.


     Egoera hauek gure inguruan gertatzen ez direla uste dugun arren, edozein emakume izan daiteke biktima, gu geu ere. Honen aurrean ezin ditugu besoak gurutzatu, pintura pote morea hartu eta borrokari ekin behar diogu. Eegoera hau aldatzea lortu behar dugu, gizon edo emakume izan.

     Berdintasuna lortzeko, egungo eredu matxista gainditu beharra dago, horretarako, generoen berdintasunaren aldea egitea ezinbestekoa izanik. Baina emakumeon eskubideen alde egiteaz gain, maitekorra eta berdinazalea den gizona sustatu behar dugu, sentimenduak azaltzeko gai dena eta MAITE ZAITUT esaten dakiena.  


Ondorengo bideoan eraso sexisten biktima den emakume baten egoera islatzea nahi izan dugu. Bertan, emakumea eta bikotekidearen arteko harremana azaltzen delarik. Ezagutu zirenean beraien istorioak koloretako istoria zirudien unetik, infernu ilun bat bilakatu eta azkenik, "maitasun" istorioari amaiera eman eta emakumeak hasierako koloretako irria berreskuratu duen arte.


Bideoaren egileak: Josu Zubia, Cristina Quesada eta Amaia Igartua

viernes, 23 de noviembre de 2012

Bitxiontzia



     Eserleku libre bat ikusi dut autobusean. Berokia kendu, eta bertan jarri naiz. Entzungailuak jarri eta"Play" sakatu dut. Abestiaren lehen melodiak entzuten ditut jada. Abeslariaren lehen hitzak entzuten dira. Aurpegian behera doa lehen malkoa. Oroitzapenen malkoa. Abestiak aurrera egin ahala, bigarren malkoak ibilbide bera hartu du. Maitasunaren malkoa. Ondorengo malkoek ere bide bera hartzea erabaki dute. Gelditu da autobusa. Berokia jarri bezain laister aurpegia garbitu dut, malkoak ezabatu ditut.

     Behin isuritako malko horiek lurrundu, eta airera joaten dira. Airetik, gure biriketara joateko. Gure barnera. Maitasunaren malkoak, oroitzapenaren malkoak, guztiak daude berriro gure barnean. Noiz eroriko zain. Eta orduan, abestia hasten da. Oroitzapenen kaxa dirudien abestia. Eta malkoek, ohiko bidea hartu dute. Aurpegian barrena doaz. Gero, lurrundu eta nire barnean gordeko dira oroitzapenen kaxa ireki arte. 

     Haurtzaroan genuen bitxiontzia ireki, eta doinu atseginarekin batera birak eman zituen dantzaria dira malkoak. Bizitzaren oroitzapenen kaxaren dantzariak.

jueves, 22 de noviembre de 2012

Amarauna

     Begiak ireki ditut eta ohe ertzean jasarri naiz. Eltxo bat ikusi dut gelan. Urduri dirudi. Ez dut hilko. Amaraunean preso geratu da. Ezin ditu hegalak mugitu. Ezta aurrerapausorik eman ere. Askatasuna ematen zioten hegalak galdu ditu. Eta minutu gutxi batzuk barru, armiarmaren elikagaia izango da, eta ez du inoiz hegan egingo.

      Hankak lurrean jarri eta egunari aurre egitea erabaki dut. Pijama kendu eta kaleko arropak jantzi ditut. Berokia jarri eta kalera noa. Alde batetik bestera nabil. Baina gogora ekarri dut goizeko eltxoa. Aske zebilen oinez, baina bat-batean preso bilakatu da. Amaraunean trabatu da. Bere bidea amaitu da. Nire etxeko izkinan amaitu da guztia. Ez du inoiz aske hegan egingo. Ez da inoiz aske izango. Armiarmaren gosea asetuko du, eta kitto. Bidea atzean utziko du, betirako.

miércoles, 21 de noviembre de 2012

Azaroak 20, hausnarketa eguna

    Atzo, azaroak 20 zen, "Dia internacional de l@s niñ@s". Parkean, haurrak jolasean. Etxeetan, haurren jostailu eta irriak. Eta munduan, munduan zer? haurren garrasi eta negarrak, haurren pena eta tristurak, haurren beldur eta malkoak. Atzokoa, haien eguna zen ere. Baina gutxi batzuk baino ez ziren haiekin gogoratu. Armaz, gosez eta tristuraz inguraturiko haurrekin. 

     Egoera traketsetan bizi direnak, baina beti ere, haurrak. Lotara joan eta begiak inoiz irekiko dituzten beldur diren haurrak, ostera, begiak ireki, eta alboan familia eta etxebizitza ez izatearen beldur diren haurrak. Kalera irten, eta,  aske jolasteko aukerarik ez duten haurrak. Bazkalordua iritsi eta jatekorik ez duten haurrak, gosez hiltzeko beldur diren haurrak. Aurpegian marrazturiko irria aspaldi ezabaturik duten haurrak. Bizirauteko etengabeko borrokan dabiltzaten haurrak... Milioika haur eta milioika gaitz.

    Itxaropena delakoan sinistu nahi dut: Helduko da eguna noiz lerro hauek idatzi eta haurren irrientzat tokirik baino ez den egongo, haurren malko guztiak itota egongo diren eguna.

lunes, 19 de noviembre de 2012

Makulua(k)

     Ferrari bat, pertsona eder bat eta etxe handi bat. Hiru hitz, hiru amets. Bizitza perfektua.



     Nik ez dut perfekzioan sinisten. Ez dut gustuko ere. Perfekzioaren munduan ez litzateke akatsik izango,  ezta bidea oztopatzen dituen harririk ere. Are gutxiago, behin erorita, jaiki eta aurrera jarraitzen laguntzen  gaituzten makuluak. Bidean aurre egin ahala, ez genuke bidegurutzerik aurkituko. Dena zuzen, aurrera, amaiera ikusi arte. Eta orduan, kitto.

     Perfekziorik ez dagoen arren, nire ingurua asko hurbiltzen da perfekziora. Bidea oztopatzen duten harriekin oztopatu eta makuluen laguntzaz aurrera egin dudanean. Edota bidegurutze batean aurkitu naizenean. Baita erori, eta makuluak agertu direnean ere. Inoiz desagertuko ez direnak, beti, bidea oztopatzen duten harriak kendu dizkidatenak. Eta berandu iristsi direnean eta lurrean aurkitu nautenean, indarrarekin heldu eta altxatzen lagundu didatenak. Egunetik egunera, eskutik heldu eta indarra ematen didatenak. Irria marrazten didaten horiek. Agian, makulu bakarra, baina PERFEKTUA. 

domingo, 18 de noviembre de 2012

Errusiar mendia


     Nire txanda heldu da. Amaigabea zirudien ilarak aurrera egin du, eta errusiar mendira igoko den hurrengoa ni naiz. Gerrikoa lotu eta barra jaitsi dut. Nire lagunak urduri dirudi. Martxan hasi da. Gora goaz, gero zer etorriko den ez dakigun arren, pozik gaude. Azkenean behera, altuenetik baxuenera segundo gutxitan. Igoerako poz hura beldur bilakatu da. Berriro gora, eta behera, eta gora...Azkenean amaitu da. Guztia amaitu da.

   Bizitza osoa igarotzen dugu momentu berezien zain, egutegian kolore gorriz eta borobil erraldoi batean markaturiko egun berezien zain. Baina ez gara konturatzen, hauek iritsi bitarteko ilara luze hortan dagoela bizia. Bertan daudela poz eta tristurak, irri eta negarrak. Ez dakigu inoiz egutegian markaturiko eguna iritsiko den, agian, amaigabea dirudien ilara ezabatu, eta esnatu egiten gara. Gure bizitzaren ametsetik esnatu. Eta guztia ahaztu, galdu.

sábado, 17 de noviembre de 2012

Gaurkoan ere


     Goizero bezala, argitu du gaurkoan ere. Begiak ireki eta bere usaina sumatu dut alboan. Lainoek, aurre egin diote eguzkiari, euria ari du jada. Buelta erdia eman dut. Metro eta erdiko zabalera duen ohe hutsak basamortu infinituaren itxura hartu du, eta ni, izaren artean galdu naiz. Azkenean, lotzen nauten izarak kendu eta egunari aurre egitea erabaki dut. Ispiluan begiratu eta egunero bezala, irensten nauen kolore grisari, koloretako irri bat marraztu diot.


     Erlojuaren hotsa geldoa da oso. Segundoek minutuak dirudite. Eta erlojuaren tik-tak bakoitzeko, goizean marrazturiko irriak indarra galtzen du. Grisa bilakatzen hasia da. Ilargiaren txanda heldu da. Iluntasunari iheska etxera itzuli naiz, eta ispiluan begiratzean, zuri-beltzean dagoen argazki baten antzekoa den irudia ikusten dut, hutsa, kolorerik gabekoa. Goizean nire biziari kolorea ematen dion pintura potea hartu dut. Hau ireki, eta berehala, ispiluan ikusten den irudiak koloreak berreskuratu ditu berriro. Izarak kendu, eta basamortuan barrena bideratu naiz berriro. Baina ez dit axola, hau guztia amaituko da, eta eguzkia eta euria elkartzen diren egunean, ostadarra sortuko da berriro nigan. Bitartean, egunero alboan dudan margoen potea erabiliko dut, irribarre bakoitzak baitakar garaipena.