jueves, 30 de mayo de 2013

Trena

     Maleta hartu, eta tren geltokian eseri nintzen. Eserlekuan zegoen emakumeari ordua galdetu, eta trena iritsi bitartean, haren alboan jarri nintzen. Maleta lurrean itxi, eta lurrean bueltaka zebilen usoari begira gelditu nintzen. Noraezean zebilen usoa, geltoki jakinik gabe, helmuga zehatzik gabe. 

     Tren hotsak nire pentsamenduetatik atara zidan eta 6. bagoira gerturatu nintzen. Ateak ireki bezain laister, trenean sartu eta 18. eserlekuan jarri nintzen - leihoaren ondoan -. Trena martxa jarri bezain laister, eserlekuan zegoen emakumea eta usoa gero eta txikiago ikusten nituen. Azkenean, geltokian utzi eta betirako agurtu nituen arte.

     Leihotik begiratu eta hainbat uso ikusi nituen hegan. Geltokian lagun izan nuen usoarekin gogoratu nintzen. Une batez, nire bizitzaren parte izan zena, baina orain, iragana dena jada. Oraindik trenean jarraitzen dut, eta usoak bezala, helmuga jakinik ez dudan arren, ez dut nahi trenetik jeistea. Hau baita nire bizitzaren trena. Nire bizitzaren bidaiaren bideak markatzen dituen trena.

     Oraina. Bidaian zehar aurkitzen ditugun geltoki horiek dira oraina. Hurrengo geltokira iristean, iragana izango diren geltokiak. Baina beti ere, istorio, irri eta negarrak biltzen dituzten geltokiak. Hasieran bakarrik hasi dugun bidaian lagun izango ditugun pertsonak biltzen dituzten geltokiak. Eta gure bidea argitzeko gai den pertsona gordetzen duen geltokia; nire bizitzaren trenera igo denetik, alboko eserlekuan dudan pertsona. Eta bidaia luze honetan une oro alboan izan nahi dudan pertsona.

martes, 21 de mayo de 2013

Paradisu bat, basamortu hontan

Egun batzuk hutsak eta ilunak dira. Ingurua begiratzen dugun arren, kolorerik ikusten ez ditugu. Basamortu batean galdurik gaudela dirudien eguna. Gure inguruan hondarra besterik ikusten ez dugun eguna. Pausoa zein norabideetan eman behar dugun ez dakigun eguna. Eta amore eman baino lehen, paradisuan pentsatzeari ekiten diogun eguna.

Paradisua: itsasoa, hondartza eta eguzkia. Bai, horrela ere definitu daiteke paradisua. Baita lasaitasunarekin ere. Baina nik nahiago dut paradisua pertsona zehatz(ar)ekin erlazionatu. Edozein leku paradisu bihurtzeko gai den hura. Edota keinu xume batekin nire barnean paradisua sortzen duena.

Ohean bota, eta begiak itxi ditut. Hondartzik ez da ageri bertan, ezta itsaso eta eguzkirik ere. Toki anitz ikusten eta gogoratzen ditut baina pertsona bakarra. Agian lekuak ez ezik, hura da nire paradisua; toki, une eta esparru desberdinetan irribarretsu ageri den hura. Begiak ireki aurretik besarkada estu batekin agurtzen nauen hura eta etorkizun zoriontsu baten inguruan belarrira hitz egiten didan hura. Ezpainetan ahogozoa uzten duen musuarekin agurtzen dudan hura...

Zertarako paradisua, maitasunik ez bada?


lunes, 20 de mayo de 2013

Erreportajea

Orain dela hilabete gutxi batzuk BIZKAIBUS-ek Euskal Herriko Unibertsitatera (UPV/EHU) joateko eskaintzen dituen zerbitzuen inguruan idatzi nuen kritika batean oinarritutako erreportajea:

 Sakatu hemen erreportajea ikusteko


miércoles, 8 de mayo de 2013

Argia

       Euria ari du. Kaleak gris bilakatu dira, are grisago jendearen aurpegi eta bihotzak. Pausoa bizkortu dut, nire baitan dagoen koloreak itzaliko dira iluntasunak harrapatuz gero. Argi bat ikusi dut kale amaieran, harengana gerturatu ahala indarra galtzen ari dela ohartu naiz. Atzera begiratu eta iluntasuna bertan dago, laster haren menpe egongo naiz. Eta gainontzeko pertsonengandik bereizten nauen irribarrea ezabatuko da. Iluntasunak arrapo bezain laister, inguratzen nauen grisaz gain, nire eskuak begiratu eta nik ere kolorea galdu dudala konturatu naiz.
 
      Erotu aurretik etxera itzultzea erabaki dut. Etxeko atea ireki eta gelan sartu naiz. Kalean ikusi dudanaren inguruan hausnartu ondoren, pertsonek irri egiteari zer nolako beldurra dioten ohartu naiz. Monotonia batean sartu eta guztiak seriotasuna mantendu gura dute kalean zehar. Agian, horrela besteon aurrean errespetatuak izango direla uste dutelako, edo, agian, irri egitea zer den ahaztu dutelako jada. Zoriontasunaren aurpegia haien bizitzetatik guztiz ezabatu delako.
 
     Nik, ordea, nahiago dut kaletik irribarretsu joan, eta irria marrazteko nahiko margo lortzen ez ditudan egunean, nire mundua koloreztatzeko gai diren oroitzapenetara jotzen dut. Gela apaintzen duten argazkiak hartu, muxu bat eman eta panpina estu heldurik, une horiek gogoratuz irria berreskuratzen dut. Irria bakarrik ez eta indarra ere berreskuratu dut. Orain inguratzen nauen iluntasunean argi izpi bat dago une oro. Aurre egiten laguntzen didan argi izpia eta grisik ilunena irrifar xume batekin koloreztatzeko gai den argi izpia. Inoiz itzaltzerik nahi ez dudan argia.

miércoles, 1 de mayo de 2013

Hitzik ez

      Eta oraingoan ere griserik ilunena argiztatzeko gai dela erakutsi dit. Unerik eta tokirik tristeena haren irribarrearekin koloreztatzeko gai da. Baita besarkada edota musu batekin nire ezpainetan irri bat marrazteko gai ere.

       Ezinbestekoa, zoragarria, paregabea... Hala ere, hitz egokia aurkitu ezin nabil oraindik, hitzak ez baitira nahiko sentitzen dudana adierazteko.