miércoles, 30 de enero de 2013

Astero ostera hastera

Begiak itxi, eta lo hartu bezain pronto bertan ikusten dut. Itsasora begiratu, eta bertan dago, eguzkiaren ondoan dagoela dirudi. Txalupa hartu eta bertara gerturatzen naiz. Ametsen mundura.

Uhartera iritsi bezain laister nire inguruak koloreak berreskuratzen ditu. Poltsikan daramadan mapa hartu, eta altxorra bilatzeari ekin diot. Bidean aurrera egiten lagunduko didan iparrorratza hartu dut eta ekialdeko bidean barrena bideratu naiz. Bidea oztopatzen duten enbor, harri eta tranpa ugari dauden arren, ez dut amorerik emango. Lurrera erortzean, bertan goxo gelditu, eta zutitzeko indarrak ematen dizkidan iparrorratza begiratuko dut. Altxatu, eta bideari ekin.

Mapari begiratu bat jo diot azkenengo aldiz. Altxorra aurkitzen den tokira iristeko metro gutxi batzuk falta dira. Zuhaitz artean begiratu, eta argi bat ikusi dut. Bidea argitzen didan argia. Gerturatuz noan bitartean, irri bat marrazten zait aurpegian. Berarengana iritsi, eta estu heldu dut. Laister, iratzargailuak jo, eta guztia amaituko baita.

Iratzargailuak jo du. Ametsa amaitu den arren, altxorrera iristeko bidea murriztuz doa. Jada, egun bat gutxiago gelditzen da. 5 amets bizi ondoren, errealitea. 5 amets bizi ondoren, errealitatea. 5 amets bizi ondoren, errealitatea...

domingo, 27 de enero de 2013

miércoles, 23 de enero de 2013

Bidean: alai eta dantzari

Gauzak, ekintzak edota pertsonak beti ez dira uste bezain perfektuak. Bidean alai eta dantzari goazen egunean, bat-batean, harri bat agertu, eta harekin oztopo eginez, lurrera erortzen zara. Harrira iritsi bitartean egindako bide guztia ahaztu eta bertan gelditzen zara, harriarekin batera, lurrean. Haren pisuak ez baitizu mugitzen uzten. Ezta aurrepausorik ematen ere.

Eta orduan, harria alde batean utzi eta aurrera begiratzean... Ikusi egiten duzu, han dago, zutik eta beti bezain irribarretsu. Baina ez duzu haren aurpegia ezagutzen, ahaztu duzu jada itxaropenak zer nolako itxura duen. Eta orduan, ingurura begiratu eta bertan ikusten duzu itxaropentsu bizitzen lagunduko dizun hura. Eskua luzatu eta lurretik altxatu bezain pronto, zure bidea koloreztatzeko gai dena. 

Eta haren presentzia hutsak, unerik grisena ere, koloretsu gogoratzen lagunduko dizu. 

Orduan, eskutik estu heldu eta aurrera jarraitzen duzue. Aurretik egindako bidea hartu, eta oraingoan ere, alai eta dantzari aurrera eginaz. Bidean dauden harriak aurreikusi, eta haien albotik pasatzean, irribarretsu keinu eginez, eskuarekin agurtzen dituzue.

Azkenik, horrenbeste denboran itxaron duzun unea iritsi arte. Perfekziotik horren gertu egongo den une hura. Bidean zoriontsu sentiarazi dizun pertsonarekin batera gozatuko duzun unea.

[2!]


sábado, 19 de enero de 2013

Kateak hautsi

     Iratzargailuaren soinua entzuten da, senarrak buelta erdia emanik iratzargailua jo du eskuin eskuarekin. Ohean eseri da eta bertan dago geldirik, begiak itxi ditut, iratzarrita nagoela ikusi ez dezan. Gelako atea indarrarekin itxi eta komunera abiatu da. Ondoren, etxeko eskailerak korrika jaitsi eta lanera joan da, harro eta irribarretsu. Buelta erdia emanik, begiak itxi eta lo seko gelditu naiz.

     Zarata handi batek iratzarri nau, begiak ireki eta senarraren pausuak entzuten ditut eskaileretan gora. Etxeko atearen zaratak iratzarri nau, hasarre dator oso nire senarra. Ohetik altxatu eta kaleko arropak jantzi ditut. Gelatik korrika irten eta sukaldera bideratu naiz korrika. Eguerdiko ordubiak dira, senarra gose da, eta bazkaririk ez dut gertu. Beldur naiz.

     Sukaldeko atea ireki dela entzun dut, norbaitek bizkarran kolpatu nau, eta lurrera seko erori naiz. Begiak itxi ditut eta bertan nago geldirik. Bitartean, senarrak hozkailua ireki du eta bertan aurkitu dituen hainbat jaki gainera bota dizkit. Ondoren, berokia jarri eta ihes egin du, eskailerak jaisten dituen bitartean, egunen baten hilko nauela ohiukatzen du. Berriz ere goizeko soinu beldurgarria entzun dut: etxeko atea itxi du.

     Lurretik altxatu eta sukaldea jaso dut, beldurturik afaria prestatu dut, eta goserik ez dudan arren, bart gabeko hainbat soberakin jan ditut. Ondoren, egongelara bideratu naiz. Aspaldian ireki ez dudan kutxa hartu eta mahai gainean jarri dut. Nire barruak irekitzeko ohiukatzen dit, ordea, nire eskuek ez dute kutxa zabaltzeko nahikoa indar. Arratsaldeko 20:00-ak dira, eta oraindik, ziurtasun ezak irensten nau. Giltza batzuk entzun ditut atetik gertu. Kutxa hartu eta armairuan gorde dut berriro.

     Sukaldera joan naiz eta mahaia jarri dut, eguerdian prestaturiko afaria berotzen den bitartean. Senarra gelara joan da. Afaria gertu dagoela ohiukatu diot, elkarrekin afaltzeko itxaroten dudan bitartean. Nire alboan eseri, eta hitzik esan gabe, platerrean zuen guztia jan du. Jateko indarrik ez dudala ikusi duenean, nire platerra hartu eta hura ere jan du hitzik esan gabe. Ahoa ireki dut baina nire ahotik soinurik ez da irten. Senarra hasarratu eta oraingoan, aurpegian kolpatu nau. Afaltzen amaitu duenean, sofan eseri da, armairua ireki eta kutxa atara dut berriz ere. Oraingoan, ireki eta bertan aurkitzen diren argazkiak nire senarraren alboan utzi ditut ikusgai.

     Maitasuna bizirik zegoeneko argazkiak dira. Zuri beltzean ataratako argazkiak diren arren, nire bizitzak baino kolorea biziagoa zuten uneak ordezkatzen dituzte argazki horiek. Sutondoa piztuta dagoelarik, argazkiak kutxan sartu eta sutondora bota ditut. Senarra hasarrtu egin da, baina hura jaiki aurretik, orain dela hainbat hilabete ate ondoan utzi nuen maleta eskuan hartu eta nire senarra betirako agurtu dut.

     Itotzen nauen katea hautsi, eta etxeko atea indarrez itxi dut. Gaurkoan, atearen soinua desberdina izan da: askatasun soinua. Zoriontasunerako bidea hartu dut eta urratsak ziurtasunez emanik, bizitzari, harrotasunez, irri egiten diot.


miércoles, 16 de enero de 2013

Haurrak erbestera: Mirentxu eta aita Joseph

Gernikako bonbardaketa bizi ostean, Mirentxuk 5 urte besterik ez zituen, bere anaiarekin batera, Bilboko portutik abiatu zen itsasontzia hartu zuen egunean. Helmuga jakinik ez zuen itsasontzia.

            Mirentxuk 1937.urteko maiatzean hartu zuen itsasontzia. Bere nebarekin egin zuen bidaiaren zati handi bat, eta azkenik, Belgikara iristean, haien bideak  banatu ziren. Nork bere familia berriarekin batera egin zuen bizitzaren bidea.

Mirentxu zorte oneko neskatoa izan zela esaten dute ingurukoek, Joseph izeneko idazle iraultzaile batek ireki zizkiolako bere etxeko eta bihotzeko ateak.  Urte gogorrak izan ziren neskatoarentzat, familia, hizkuntza, herrialde eta ohitura berrietara ohitu beharra izan zuen. Joseph-ek gaztelania ondo mintzatzen zuen eta hau izan zen bere irakasle nagusia frantsesa zein beste hainbat hizkuntza ikasteko orduan. Idazlea, bere gurasoekin batera bizi zen, eta neskatoa txikia izan arren, egunero aritzen zen bere aitona-amon berriei haien lanetan laguntzen. Familiako kide guztiek ahalegin handiak egin zituen Mirentxu etxean bezala sentiarazteko.

Urte horietan, munduan nagusitzen ziren nazismoak zein faxismoak geroz eta indar handiagoa hartu zuten. Belgikan urte gogorrak bizi zituzten: auzoko judutar familia ugari kontzentrazio esparruetara eraman zituzten. Auzoan bizi zirenek honen kontrako etengabeko borrokan aritu ziren arren, familia bakar bat egon zen nazisten atzaparretatik salbu.

Joseph erresistentziaren kide zen, faxismoaren kontrako militante ezaguna. Judutarrekin batera, erresistentziaren partaideak ere kontzentrazio esparruetan giltzapetu zituzten.

Egoeraren aurrean, Mirentxu Gernikara bueltatu zen. Bertara iritsi bezain pronto, familia biologikoa bilatzeari ekin zion. Hurrengo egunak etengabeko borrokan eman zituen arren,  ez zuen bere familiaren arrastorik aurkitu. Azkenean, amore eman eta bere bizitzako bide propioa eraikitzeari ekin zion. Bitartean, Joseph kontzentrazio esparru batean sartu zuten.

Denborak aurrera egin ahala, Josephen osasuna okertuz joan zen, kontzentrazio esparruetan bizirauteko borroka geroz eta gogorragoa eta astunagoa baitzen. Bestalde, Mirentxu, Miren izatera heldu zen. Noizean behin gutunak idazten zizkien Josephen gurasoei, eta hauek, sentimenduz beteriko hitzen gutunak idazten zizkioten Mirentxuri. Baina gutun horiek ez ziren inoiz Gernikako postontzi marroi hartara iritsi.

Nazismoaren indarra are handiagoa zen munduan. Kontzentrazio esparru berriak eraikiarazten zizkieten bertako presoei zein nazismoaren biktimei. Hildakoen kopuruak gora egiten zuen etengabe. Eta horrekin batera, Joseph-en gurasoen urduritasuna are handiago zen, baita haiek alabatzat zuen Mirentxuren urduritasuna ere.

Urteak aurrera egin ahala, aurreko urteetako gatazka geldiaraziko zuen unea iritsi zen: Hitlerren heriotza. Honekin batera, hurrengo bizpahiru urteetan kontzentrazio esparruak uzten hasi ziren eta egunero, milaka eta milaka judutar eta nazien biktima heltzen ziren Belgika zein beste hainbat herrialdeetako portuetara. Joseph-en gurasoak egunero gerturatzen ziren portura, baina inoiz ez zuten haien semea berriz ikusi.

Mirentxuk egunero idazten zizkieten eskutitzak Belgikako aitona-amonei, ea portuan Joseph-en irudia ikusi ote zuten galdetzen. Hainbat eta hainbat itsasontzi iritsi ostean, guztiok gorrotatzen zuten unea iritsi zen: hildakoen zerrendaren irakurketa. Joseph-en gurasoak ere gerturatu ziren bertara. Bikoteak hatzak gurutzatu eta bata besteari besarkatuz, haien semearen izena ez entzutea deseatzen zuten. Azkenean, entzun zuten,” Joseph Condar”. Negar malkoak zapi zuri batekin lehortu ostean, etxera abiatu ziren biak. Luma hartu eta paper zuri batean zoritxarraren berri idatzi zuten, Mirentxuk honen berri izateko.

Mirentxuk albistea irakurtzean, bihotzean sekulako mina nabaritu zuen. Gernikara itzuli zenean ez baitzuen bere familiako kiderik aurkitu, bere neba bizirik zegoela esan zioten arren, inoiz ez zuen Gernikan ikusi. Beraz, Joseph eta haren gurasoak ziren bere familia bakarra. Egun batzuen buruan, azken aldiz egin zuen maleta itsasontzia hartu eta Belgikara joateko.

martes, 15 de enero de 2013

Oroitzapenen liburua

     Kotxe bat, txakur bat edota etxe berri bat. Milaka pertsonen desioak, zoriontasunetik hurbilago bizitzeko beharrezko apetak. Nik, ordea, nahiago dut nire istorioaren liburuko kapituluak betetzen dituzten pertsona horiek alboan izatea. Gauza material horiek guztiak egunen baten puskatu edota galdu egingo dira, eta gure bizitzaren parte izateari utziko diote, ingurukoak ez dira gauzekin oroituko gu ez gauden egunean, are gutxiago gure istorioarekin.  

     Ostera, protagonistaren oroitzapenak bizirauten duen bitartean, norberaren istorioak betik iraungo du bizirik, protagonistak istoriaren parte izateari uzten dion unean ere, harek eraikitako bideak bertan jarraituko du momentu oro. 


     Horregatik, istorio on bat bizitzera gonbidatuak gara guztiak. Istorioaren azken kapituluko azkenengo orrialdera heltzean, gainontzeko orrialdeak beti irakurgai izateko ingurukoek. Eta une oro, liburua ireki eta oroitzapen horiek elkarbanatu ahal izateko. Berriz ere, bizia emanez istorioko protagonistari eta une batez haren presentzia sentitu ahal izateko.

domingo, 13 de enero de 2013

Ohe hutsegia

Ilargi beteak argitzen du gaueko iluna. Izarak kendu eta ohean barrena bideratu naiz. Zure usaina duen bururdia hartu eta argia itzaliaz bat, begiak itxi ditut. Panpina estu heldu eta ametsen munduan murgildu naiz. Gaueko ordu txikiak dira, beldurturik iratzarri naiz, bakardadeari iheska. Begiak ireki eta argirik ez ikusteak itotzen nau, izarak kendu eta ihes egin nahi dudan unean, sar zaitez nire ohean eta hel nazazu estu. Begiak itxi eta ametsen mundu berri bat ezagutuko dut, maitasunak mugarik ez duen mundua.


lunes, 7 de enero de 2013

Muxuzalea naiz, eta zer?

Pertsona bat aurkeztu eta lehen kontaktura bideratzen gaituzten bi muxuak. Laguna buru-makur dagoen egunean, bakarrik utziko ez dugula jakinarazteko, besarkada estu batekin batera ematen diogun muxua. Ahizpa txikia mundura etorri eta eskutan lehen aldiz hartzean ematen diogun muxua. Gauero gure beso artean itotzen dugun panpinari ematen diogun muxua. Bat batean gure bizitzan gurutzatu eta ezinbestekoa bihurtzen den pertsonari emandako lehen muxua. Aitona-amonak agurtu eta beti gurekin egoteko desio dugun bitartean ematen diegun muxua. 

Masailean ematen diren adiskidetasun muxuak. Ezpainetan maitasun ahogozoa uzten duten muxuak. Maitasunez, alaitasunez, edota grinaz beteriko muxuak. Guztiak dira muxuak, guztiak desberdinak. Gure barnean milaka sentimendu pizteko gai diren muxuak. Eta askotan, irri egiten laguntzen gaituzten muxuak. 

Muxuak jaso. Muxuak eman. Lotsarik ez, eta harrotasunez deritzot: muxuzalea naiz, eta zer?

domingo, 6 de enero de 2013

Irrifar batek duen indarra

Itzalak irentsi eta inguruko gauza guztiek zentzua galdu dutela iruditzen zaizun eguna. Edo, besterik gabe, atea giltzarekin itxi eta honen atzean gordetzen garenean, egunari aurpegira begiratzeko indarrik ez duzun eguna. Eguna, edo, beharbada, asteetan luzatzen den sentimendua. "Garai grisak" bezala ezagunak diren egunak. 

Garai horietan ohartzen gara zein garrantzitsua den itzala gainetik kentzeko gure inguruan biraka ari den eguzkia. Baita giltzapeturik utzi gaituen atearen giltza eskura izatea momentu oro ere. Zure buruarekiko konfidantza galdu arren, zugan konfidantza guztia duten pertsonak alboan izatea. Edota, dena ondo irtengo dela ziurtatzeaz gain, bideari ekiteko ibilbidea marrazten digutenak. Besarkada sinple batekin tristura guztiak ezabatu eta munduko pertsonarik zoriontsuena izatea lortzen duten besoaren jabea. Zugana zuzendu eta irribarre batekin guztia esateko gai den hura.  

Garaia baino, hilabetea. Zorionez, aurretik aipatutako keinuei esker koloreak berreskuratzeko gai den garaia. Une grisak dituena, baina ez grisa itzarekin definitzeko  garaia. Ikasteko garaia, eta maite gaituztenak merezi duten bezala maitatzeko garaia.

[Atzera kontua hasi da: 19]

miércoles, 2 de enero de 2013

Aio 2012!

     Oraindik oroitzen dut 2011 agurtu eta hurrengo urtea horren "perfektua" izatea desio nuen eguna. Beste urte bat pasa da, eta oraindik, 2011. urtea bezain zoragarria izango den urtearen esperoan jarraitzen dut. 13 zenbakia zorte txarrarekin erlazionatzen da maiz, nik, ordea, nahiago dut pentsatu bizipen zoragarriak bilduko dituen urtea izango dela aurretik dugun hau.

     Hala ere, atzera begiratu eta agurtu berri dugun urtearekin oroitzean, nahiago dut bizipen positiboak gogorarazi, une ahaztezinak berezi egin dituzten pertsonekin oroitu eta irribarretsu bizitzea lortu izan duten guztiak alboan izateaz zoriontsu izan. 

     Agian, ez da une perfektu asko bildu dituen urtea izan. Baina perfekziotik gertu egon diren une zehatzak ere izan ditu. Uneak baino, pertsonak. Edozein une, ahaztezin eta perfektu bihurtzeko gai diren pertsonak. Atzera begiratzean, momentu gogorrak ezabatzea eta zoriontsuekin oroitzea lortu duten pertsonak.

     Beraz, 2012. urtea oso izan da berezia. Urtea amaitu, eta hozka egitean, une garratzak desagertu eta ezpainetan ahogozoa utzi duen urtea. 

     Esker anitz hitz hauen atzean gordetzen diren pertsona guztiei, batez ere zuri, eta urte berri on!