sábado, 27 de abril de 2013

Arraina

Animalia izateko aukera izanez gero, arraina izatea gustatuko litzaidake. Arrainek oroimenik ez dutela diote. Beraz, egunero ohetik altxatu eta guztia berria izango zen. EGUNERO, lehenengo aldia izango litzake. Lehen musua, lehen besarkada, hura ikusten duzun lehen aldia... Hurrengo egunean gaur bizi izandakoa ahaztuko duzula jakinik, unea inoiz baino gehiago aprobetxatuko zenuen.

Hala ere, badaude hainbat une noiz mundua gure azpian gelditzen den. Haren atzamarrak zure eskua ukitzean, besarkada bat ematean edota muxu bat jasotzean. Ingurura begiratu eta lurrak birak emateari utzi diola iruditzen zaizun unea.


Hain zuzen, horiek izango dira inoiz ahaztuko ez dituzun uneak. Gelan duzun oroitzapenen kutxan gordetako irudi eta oroitzapen guztiak betik bizirik baitaude. Une horiek guztiak, gure oroimenaren kutxan gordetzen ditugun bitartean, betik jarraituko dute bizirik eta beti egongo dira gurekin. Une horiek zein uneak ahaztezin egin dituzten pertsonak,  egunero lehen aldi guztiei aurre egiteko indarrak ematen dizkigutenak izango dira.

miércoles, 24 de abril de 2013

Matxingorringoa

       Udaberriarekin batera eguzkia etorri da gurera beste behin ere. Lehen eguzki izpiak, lehen zoriontasun irriak... 

          Hiriko kaleek koloreak berreskuratu dituzte. Autobus geltokiak, ordea, haur batek marrazturiko irudia dirudi. Hasieran marra beltz eta fondo zuria besterik ez zuen arren, gorri, berde eta hori ikusten da jada. Autobus geltokiko jasarleku berdean eseri, eta zelaian dagoen matxingorringoarengan bideratu dut arreta. Harengana gerturatu eta atzamar punta jarri diot bertara igotzeko. Jasarlekuan eseri gara biak berriz ere. Nire atzamarrean geldik zegoelarik, eskua altxatu, eta hegalak mugitu aurretik, haren itxurari erreparatu diot.

         Dotoreak dira oso matxingorringoak. Borobilak eta txikiak. Guztiek daramate traje gorri polit bat soinean, eta baita narrio beltz bitxiak ere. Hatzamar puntara gerturatu denean, errepidera begiratu dut, autobusa oraindik ez da ageri. Beraz, matxingorringoa hatzamarrez aldatu, eta haren presentziaz gozatzen jarraitu dut. 

            Nire atzaparretatik ihes egitea helburu duen arren, ez diot utzi alde egiten. Beste behin ere, atzamarran harturik, besoa luzatu, eta ni baino gorago ikusten dut matxingorringoa. Oraingoan, ordea, aske izaten utziko diot. Eguzki izpiak bere gainean antzeman bezain laister, hegoak astindu eta alde egin du matxingorringoak. Badoa munduari aurre egitera - ni hemen utzita -. Nire atzamarraren presio azpian, hegoak astindu eta alde egin du matxingorringoak, aske izatea erabaki du, inoren presiorik jasan gabe, bideari ekin dio.

       Matxingorringoaren arrastorik ez dut ikusten inguruan, bai, ostera, nire autobusa. Motxila sorbalda gainean jarri eta nik ere alde egin dut bertatik. Jasarleku berdea bakarrik gelditu da. Ziur aski ez du gehiago matxingorringoaren konpainia izango, hark askatasun hegakaden bidez mundua ezagutzea erabaki baitu. Nik, ostera, errutinaren autobusa hartu dut beste behin ere. Eta laister izango naiz berriro autobus geltokiko jasarleku berdearen magalean matxingorringo dotorearen bila...

jueves, 11 de abril de 2013

Errutina

        Eta bat-batean ohartzen zara gauzak ez direla aldatu. Eta, ziur aski, inoiz ez direla aldatuko. Egun hartan, zure barnean gutxieneko esperantza piztu zen arren, guztiak berdin darrai. Betiko aurpegiak, betiko barre eta negarrak. Orduan lehenengo egunari ekin, eta azkenengo hilabeteetan bezala zure , irri egiten saiatu eta ausartzen zara. Negarrak ezkutatzen dituen irria dela entzuten duzu maiz, baina horrek ez dizu axola. Zuk badakizu irri horren atzean benetan zoriontsu egiten zaituen hura dagoela. Egun batzuen buruan, irriaren atzean ezkutatzeaz gain, zure alboan egongo den hura.

         Guztia aldatuko den eguna iritsi bitartean, zoriontasuanren atzean ezkutatzen den horri eutsiko diozu. Egunero iratzargailua gelditu bezain pronto, haren ondoan duzun hura begiratu eta irribarretsu altxatuko zara, beste egun bati aurre egiteko asmoz. Beti ere, helmuga bakar bat helburu izanik. Bidean zehar beharrezko izan duzun musu, besarkada edo begirada bakar bat izango dira helmuga. Bidea eraikitzeko gai diren keinuak izango dira helmuga. Eta keinuen atzean dagoen hura, saria.

jueves, 4 de abril de 2013

Marrazki koloretsua



     Paper zati bat hartu eta eskura dugun kutxatik koloretako margoak atera ditut. Ez urdina, ezta gorria ere. Guztiak hartu ditugu. Guztiak eskuan estu heldu eta etorkizuna izango den paper hura margotzeari ekin diogu. Orain urte batzuk agian, arkatzarekin baino ez genuen apainduko marrazki hura egin dugu: ETORKIZUNA.

     Etorkizunaren inguruan ziurtasunez dakigun gauza bakarra orduro 60 minutu aurreratzen ditugula da. Berdin du nor izan, nolakoa izan edo zer egin, beti berdina izango baita. Ez du axola iraganean zenbat harrirekin erori zaren, ezta zenbat aldiz barkamena eskatu duzun ere. Denbora ezin dugu gelditu. Guztiok bide bera jarraitzen dugu, eta, beraz, atzean utzi behar ditugu damu, barkamen, akats eta erortze guztiak. Oinez jarraitzen dugun bitartean gure bidea eraikitzeaz gain, gureak baino ez diren aztarnak ere bertan utziko ditugu. Ez nire aztarnak, ezta zureak ere. Gureak baizik. 

     Gaur etorkizuna da jada. Atzo idazten nituen lerro horien etorkizuna hain zuzen ere. Beraz, orain idatzitakoa, biharko lerroetan iragana izango da. Baina horrek ez dit axola. Garrantzitsuena, zoragarriena eta indarrak ematen didana, lerro hauen atzean gordetzen den hura inoiz aldatu ez izana da.