jueves, 4 de abril de 2013

Marrazki koloretsua



     Paper zati bat hartu eta eskura dugun kutxatik koloretako margoak atera ditut. Ez urdina, ezta gorria ere. Guztiak hartu ditugu. Guztiak eskuan estu heldu eta etorkizuna izango den paper hura margotzeari ekin diogu. Orain urte batzuk agian, arkatzarekin baino ez genuen apainduko marrazki hura egin dugu: ETORKIZUNA.

     Etorkizunaren inguruan ziurtasunez dakigun gauza bakarra orduro 60 minutu aurreratzen ditugula da. Berdin du nor izan, nolakoa izan edo zer egin, beti berdina izango baita. Ez du axola iraganean zenbat harrirekin erori zaren, ezta zenbat aldiz barkamena eskatu duzun ere. Denbora ezin dugu gelditu. Guztiok bide bera jarraitzen dugu, eta, beraz, atzean utzi behar ditugu damu, barkamen, akats eta erortze guztiak. Oinez jarraitzen dugun bitartean gure bidea eraikitzeaz gain, gureak baino ez diren aztarnak ere bertan utziko ditugu. Ez nire aztarnak, ezta zureak ere. Gureak baizik. 

     Gaur etorkizuna da jada. Atzo idazten nituen lerro horien etorkizuna hain zuzen ere. Beraz, orain idatzitakoa, biharko lerroetan iragana izango da. Baina horrek ez dit axola. Garrantzitsuena, zoragarriena eta indarrak ematen didana, lerro hauen atzean gordetzen den hura inoiz aldatu ez izana da. 


No hay comentarios:

Publicar un comentario