miércoles, 24 de abril de 2013

Matxingorringoa

       Udaberriarekin batera eguzkia etorri da gurera beste behin ere. Lehen eguzki izpiak, lehen zoriontasun irriak... 

          Hiriko kaleek koloreak berreskuratu dituzte. Autobus geltokiak, ordea, haur batek marrazturiko irudia dirudi. Hasieran marra beltz eta fondo zuria besterik ez zuen arren, gorri, berde eta hori ikusten da jada. Autobus geltokiko jasarleku berdean eseri, eta zelaian dagoen matxingorringoarengan bideratu dut arreta. Harengana gerturatu eta atzamar punta jarri diot bertara igotzeko. Jasarlekuan eseri gara biak berriz ere. Nire atzamarrean geldik zegoelarik, eskua altxatu, eta hegalak mugitu aurretik, haren itxurari erreparatu diot.

         Dotoreak dira oso matxingorringoak. Borobilak eta txikiak. Guztiek daramate traje gorri polit bat soinean, eta baita narrio beltz bitxiak ere. Hatzamar puntara gerturatu denean, errepidera begiratu dut, autobusa oraindik ez da ageri. Beraz, matxingorringoa hatzamarrez aldatu, eta haren presentziaz gozatzen jarraitu dut. 

            Nire atzaparretatik ihes egitea helburu duen arren, ez diot utzi alde egiten. Beste behin ere, atzamarran harturik, besoa luzatu, eta ni baino gorago ikusten dut matxingorringoa. Oraingoan, ordea, aske izaten utziko diot. Eguzki izpiak bere gainean antzeman bezain laister, hegoak astindu eta alde egin du matxingorringoak. Badoa munduari aurre egitera - ni hemen utzita -. Nire atzamarraren presio azpian, hegoak astindu eta alde egin du matxingorringoak, aske izatea erabaki du, inoren presiorik jasan gabe, bideari ekin dio.

       Matxingorringoaren arrastorik ez dut ikusten inguruan, bai, ostera, nire autobusa. Motxila sorbalda gainean jarri eta nik ere alde egin dut bertatik. Jasarleku berdea bakarrik gelditu da. Ziur aski ez du gehiago matxingorringoaren konpainia izango, hark askatasun hegakaden bidez mundua ezagutzea erabaki baitu. Nik, ostera, errutinaren autobusa hartu dut beste behin ere. Eta laister izango naiz berriro autobus geltokiko jasarleku berdearen magalean matxingorringo dotorearen bila...

No hay comentarios:

Publicar un comentario