jueves, 13 de junio de 2013

Hauskorrak

       Txikitatik gogorrak izaten erakusten gaituzte. Tristura eta negarrak gure baitan ezkutatu, eta irri batekin tristura guztiak gure barnean lurperatzen saiatzen gara. Hautsiezinak izatera bultzatzen gaituzte; izan baino, hautsiezinak garela erakustera bultzatzen gaituzte. Gure barnea zati txikietan puskatzen denean, negar malkoak ezkutuan isuri eta kalera irribarretsu irtetzen saiatzen gara maiz. Baina badaude, zoriontasun negarrak, baita urduritasunak eragindakoak ere. Guztiak dira negar-malkoak, eta hauskorrak garen heinean, ezkutaezinak.

      Gizaki guztiak gara hauskorrak, bidean erori eta hezur bat apurtzeaz gain, gure barne-sentimenduek ere pairatzen dituzte zauriak. Negar malkoak dira barne zauriak osatzeko sendagai baliotsuenak sarritan. Negar malkoek askotan irrien konpainia izaten dute; zoriontasun negarrak dira. Hunkigarria den une bat bizitzen dugunean edota hunkitzen gaituzten argazkiak ikusi eta une horiek gogoratzen ditugunean. Bizitza aldatu zigun une hura gogoratzean, edota pertsona berria(k) gure bizitzan agertu eta gure bizitza zeharo koloreztatu du(t)enean. Baita irri eginez hasi eta sentimenduen nahaste izugarriak gure aurpegia negar malkoz betetzen duenean ere. Edota, besarkada estu eta esaldi baten ondorioz, isurtzen ditugun maitasun negar malkoak; hunkigarriak eta  zoriontasunez beteak.

      Hauskorrak gara; bidean oztopo egin eta lurrera erortzen gara. Baina bidea osatzen duten harrien arteko distantzia aprobetxatzen ikasi behar dugu: negar malkoak isuri, eta zauriak orbaindu behar ditugu. Hurrengo harrira iristean, puska bat zoriontsuago izan gaitezen. Eta tristura negar malko horiek, zoriontasun eta maitasun negar malko bihurtu daitezen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario