jueves, 13 de junio de 2013

Sudur-gorridun txapelduna



Sudur-gorria, gitarra edo txapela. Irriak, musika edo magia. Publikoarekin harreman estua lortu du denbora gutxian Josu Zubiak. 14 urte zituela magia eta musikaren bideei ekin zizkien. Eta 18 urterekin, pailazoen munduan murgildu zen. Oraingoan, magiarekin txunditu du Oñatiko herria.

Bost hilabeteren ostean, Josu Zubia magoa oholtza gainera igo da berriz ere. 14 urterekin magiaren eta musikaren mundurantz abiatzeko bideak hartu zituen Josu Zubiak. Orain, hirugarren bide bat ere gehitu dio haren bizitzaren lasterketari, pailazo izateko bidea. Horregatik, sudur-gorridun txapelduna da Zubia. Pailazo izateko sudur-gorria jartzeaz gain, magoen txapela ere badaramalako buru gainean. Txapelduna, txapela eramateagatik ez ezik, haren bizitzako lasterketaren txapelduna delako. 19 urte bete berri baino ez ditu eta haren bizitzako 3 lasterketetan helmugara iristea lortu baitu.
Larunbat lainotsua eta iluna. Publikoak zerura begiratzen du urduri, aterkia ireki beharko ote duten galdetzen diote haien buruari. Baina bat-batean, 17:00-etan puntuan, ahots batek arratsaldeko iluna argitu du. Plazan magoaren ahotsa baino ez da entzuten. Denbora gelditu dela dirudi, haur guztiak geldirik daude eta arretatsu entzuten dute ahots ezagun hori. Ahotsak, Josu Zubia aurkeztu ahala, irri eta txalo zaparrada batean murgildurik, magoa agertu da publikoaren artean. Publikoa agurtu bezain laster, oholtza gainera igo da Zubia.

“Zorretan sentitzen naiz. Pertsona ugari etorri dira eta orain zerbait ona egin beharko dut hori konpentsatzeko. Egia esan, urduri nago”, azaldu du magoak ikuskizuna hasi aurretik. Josu Zubiak ikusleriak zeharo ezaguna duen ikuskizunetako txaketa beltza jarri du oraingoan ere. Ikusleria 100 pertsonek osatzen duten arren, urduritasuna behean utzi, eta oholtzara igo bezain pronto publikoarekin harreman estua lortu du magoak. Lehen trikimailuak “izotza apurtu” du, magiarik egin ez duen arren, publikoak haien irriekin egun iluna koloreztatzea lortu du magoak.
            Erlojuaren orratzekin batera, denborak eta ikuskizunak aurrera egin dute. Hainbat laguntzaile igo dira oholtzara mentalismoaz gozatzera; gizon, haur eta emakume. Baina guztiak era berean agurtu gura izan ditu magoak. “Gizonezkoek eskua emateko ohitura dugu, baina nik nahiago dut guztiak bi musurekin agurtu”, argitu du Josu Zubiak.

            “Eta orain, animalia bat agerraraziko dut eskuzapi honekin”, adierazi du magoak. Haur guztiak aho-zabalik gelditu dira. Eta haurren artean, untxia edota uxo zuria aterako dituela entzun da. Zubiak, eskuzapia hartu eta esan bezala, animalia bat agerrarazi du. Hain zuzen ere, eskuzapiarekin egindako oiloa. Une honetan, haur guztiek barrez lehertu dute, eta plazan haien irri eta algarak besterik ez ziren entzuten. Baita zutik zeuden gurasoenak ere.

            Karta izatetik, zapi izatera igaro da bihotzezko erregea. Ostera, 8ko bihotza zati txikietan puskatu, eta limoi baten barnean agertu da osorik. Sinaturiko 10 euroko billetea, 5 euroko batean bihurtu da, eta ondoren, sinaturiko 10 euroko billetea laranja baten barnean agertu da. Laranja ireki bitartean, ikuslegoa agurtu du Zubiak: “Plazer handia izan da zuekin egotea Oñati, mila esker eta laster arte. Muxu handi bana guztiontzat”.

            “Publikoak magiarekin jarraitzeko gogoa transmititu dit; beldur eszenikotik, plazer eszenikora pasatu naiz. Plazer hutsa izan da niretzat hemen egotea”, azaldu du magoak ikuskizuna amaitu bezain pronto. Baina magoak ez ezik, publikoak ere asko gozatu du ikuskizunean zehar. Haur, gazte eta helduen aurpegietan, hasieran zeharo ezabaturik zuten irribarrea dago marraztuta. “Ez naiz minutu bat ere aspertzen Josu Zubiaren magia ikuskizunetan. Beti berrikuntzaren bat du eta ez ditu inoiz haren trikimailuak errepikatzen”, azaldu du Maiderrek. Aterkia irekitzeko beharrik egongo ote den ahaztu du publikoak, eta magiaz gozatzen ikasi dute ordubetez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario