
Erotu aurretik etxera itzultzea erabaki dut. Etxeko atea ireki eta gelan sartu naiz. Kalean ikusi dudanaren inguruan hausnartu ondoren, pertsonek irri egiteari zer nolako beldurra dioten ohartu naiz. Monotonia batean sartu eta guztiak seriotasuna mantendu gura dute kalean zehar. Agian, horrela besteon aurrean errespetatuak izango direla uste dutelako, edo, agian, irri egitea zer den ahaztu dutelako jada. Zoriontasunaren aurpegia haien bizitzetatik guztiz ezabatu delako.
Nik, ordea, nahiago dut kaletik irribarretsu joan, eta irria marrazteko nahiko margo lortzen ez ditudan egunean, nire mundua koloreztatzeko gai diren oroitzapenetara jotzen dut. Gela apaintzen duten argazkiak hartu, muxu bat eman eta panpina estu heldurik, une horiek gogoratuz irria berreskuratzen dut. Irria bakarrik ez eta indarra ere berreskuratu dut. Orain inguratzen nauen iluntasunean argi izpi bat dago une oro. Aurre egiten laguntzen didan argi izpia eta grisik ilunena irrifar xume batekin koloreztatzeko gai den argi izpia. Inoiz itzaltzerik nahi ez dudan argia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario