jueves, 30 de mayo de 2013

Trena

     Maleta hartu, eta tren geltokian eseri nintzen. Eserlekuan zegoen emakumeari ordua galdetu, eta trena iritsi bitartean, haren alboan jarri nintzen. Maleta lurrean itxi, eta lurrean bueltaka zebilen usoari begira gelditu nintzen. Noraezean zebilen usoa, geltoki jakinik gabe, helmuga zehatzik gabe. 

     Tren hotsak nire pentsamenduetatik atara zidan eta 6. bagoira gerturatu nintzen. Ateak ireki bezain laister, trenean sartu eta 18. eserlekuan jarri nintzen - leihoaren ondoan -. Trena martxa jarri bezain laister, eserlekuan zegoen emakumea eta usoa gero eta txikiago ikusten nituen. Azkenean, geltokian utzi eta betirako agurtu nituen arte.

     Leihotik begiratu eta hainbat uso ikusi nituen hegan. Geltokian lagun izan nuen usoarekin gogoratu nintzen. Une batez, nire bizitzaren parte izan zena, baina orain, iragana dena jada. Oraindik trenean jarraitzen dut, eta usoak bezala, helmuga jakinik ez dudan arren, ez dut nahi trenetik jeistea. Hau baita nire bizitzaren trena. Nire bizitzaren bidaiaren bideak markatzen dituen trena.

     Oraina. Bidaian zehar aurkitzen ditugun geltoki horiek dira oraina. Hurrengo geltokira iristean, iragana izango diren geltokiak. Baina beti ere, istorio, irri eta negarrak biltzen dituzten geltokiak. Hasieran bakarrik hasi dugun bidaian lagun izango ditugun pertsonak biltzen dituzten geltokiak. Eta gure bidea argitzeko gai den pertsona gordetzen duen geltokia; nire bizitzaren trenera igo denetik, alboko eserlekuan dudan pertsona. Eta bidaia luze honetan une oro alboan izan nahi dudan pertsona.

No hay comentarios:

Publicar un comentario