jueves, 14 de marzo de 2013

Joseina Etxeberria: “Umorea da generorik konplikatuena, oso zaila da”

Joseina Etxeberria (1968, Ataun) gaztea irratiko ahots ezagun baten atzean ezkutatzen den kazetari gipuzkoarra da. Euskadi gaztea-n egindako lanarengandik ezaguna den arren, DJ lanak ere egin izan ditu. Haren ibilbide profesionalaren inguruan mintzatzeaz gain, euskararenganako duen sentimenduaren inguruan ere hitz egin dugu kazetariarekin.
 
 
            Joseina Etxeberriak betik izan du musikarekiko erakargarritasuna, haurra zenetik ari da musika jartzen, lagun artean, familian… Irratiak eta musikak duten lotura dela eta, kazetaritza ikasketak egin ostean, irratiaren munduan murgiltzea erabaki zuen. Kazetari sena bere arrebari esker piztu zitzaion, hark kazetaritza ikasketak egiteko asmoa zuen arren, azkenean beste bide bat aukeratu baitzuen. Orduan, Joseina Etxeberriak argi izan zuen berak hartuko zuela kazetaritzaren bidea.

            Garai batean irratia entzuten zutenek askotan ez zuten igorlearen berri izaten. Gaur egun, ostera, mundu guztiak oso ondo daki nor den hizketan ari zaion hura. Gutxi batzuk anonimatu horretan mantentzen diren arren. Hala ere, ahots bat entzutean erraz aurkitu genezake nor ezkutatzen den ahotsaren atzean. “Nik irratian ahots polit bat edo pertsona interesgarri bat topatzen badut, bere bila hasten naiz eta beti topatzen dut. Ia ez dago babesik”, azaldu du Etxeberriak.

            “Gaur egun, errealitatearen egoera ez da barre egitekoa, negar egitekoa baizik”, adierazi du kazetariak. Zaila izan arren, haren irratsaioetan beti dago umore puntu bat: “Umorea da generorik konplikatuena, oso zaila da. Norbait mintzen duzulako edo labur geratzen delako zure umore puntua. Eta patetiko geratzen delako zure nahi eta ezina. Beti mugan zabiltza”.

            Komunikabideek gizartean duten eragina eta euskararen ahultasuna kontuan izanik, gaztea-k jasotzen dituen kritiken artean nagusitzen da euskal musikarekiko duten jarrera.“Aspaldiko borroka da hori, eta aspaldiko eztabaida ere bai. Mila gauza esango nituzke eta ez dakit denak ulergarriak eta onargarriak izango liratekeen”, azaldu du Etxeberriak. Hemengo musikari, abesti guztiak euskaraz jartzen laguntzen ote zaion zalantzan jartzen du kazetariak. Askotan entzun izan du bertako irratietan euskal musika: Su Ta Gar, Mikel Laboa, Anai Arrebak, Zea Mays... bata bestearen segidan. “Estiloak eta garaiak eta dena nahastuta. Euskalduna da eta balio du. Nire ustez horrela ez zaio laguntzen euskal musikari; hori geto bat egitea da: gu eta gutarrak”, azaldu du Joseina Etxeberriak. Musika hori gutxi batzuek baino ez dute entzuten, beraz, hemengo musikari laguntzeko, “diskriminazio positibo bat” egin behar da. “Hamarretik, 3 edo 4 abesti euskaldun jartzen badituzu, euskal musika hori, beste estilo batzuek gustuko dituztenek ere entzungo dituzte eta hor ari gara benetan zabaltzen“, dio Joseina Etxeberriak. Kazetariak argi dauka herri hau bere tamainak salbatzen eta galtzen duela.  Euskaldunak ez gara asko, eta euskaldun gazteak, are gutxiago. Euskaldun gazte eta musikazaleak gutxiago. Kazetariek ahalik eta itsasorik handienean egin behar dute arrantza, bestela haiek itoko dira.

            Joseina Etxeberriak bere burua euskalduntzat definitzen du. Euskara izan da bere ama hizkuntza eta etxean beti erabili izan du euskara. Gaur egun ere euskararen transmisioaren alde egiten duelarik. Gainera, euskaltzaletzat ere definitzen du bere burua: “Nire bizitza profesional guztia hizkuntza honetan egin dute eta ia 25 urte daramazkit honetan”. J. A. Artze, euskal idazleak, esaten zuen “hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik” esaldiari uko egiten dio, eta, hizkuntza bat, ez dakitenek ikasten ez dutelako ere galtzen dela uste du kazetariak: “Erdaldunak euskaldundu behar ditugu eta horretarako burua erabili behar dugu, zer egin dezakegu haiek gure txikitasunera ekartzeko? Erdaldunek gu ez gaituzte behar, gu gara beraiek behar ditugunak”. Joseina Etxberriaren ustez gu mugitzen ez bagara erdaldunak berean egongo dira: “Haiek oso desberdin ikusten bagaituzte ez dira inoiz guregana etorriko. Lehenbizi beraienetik eman behar diegu, gero guretik emateko”. Etxeberriak bizitza osoan erabili du bere ama hizkuntza, eta gainera, haren alde egiten ari delakoan dago.

Etorkizunari begira

            Gero eta indar handiagoa hartzen ari den hedabidea da interneta. Hala ere, momentuz eusten duen hedabide bakarretako bat da irratia Etxeberriaren ikuspuntuz. Baina irratiak ez du lortu beste medio batzuk lortu duten bezain esparru handia Joseina Etxeberriaren iritziz. “Irratia hedabide txikiagoa eta malguagoa da, ea horrek salbatzen duen, baina ez dago bat ere erraza”, argitu du kazetariak.

            Joseina Etxeberriak ez du argi ikusten haren burua urte batzuk aurrerago. “Beti ez da norberak aukeratzen duena ateratzen”, azaldu du kazetariak. Hark betik izan du musikarekiko grina, eta orain arte, musikaren munduan oso gustura egon den arren, entertainment deituriko alorrean lan egitea egokitu zaio Etxeberriari. “Entertainment delakoa ere gustatzen zait eta oso ondo nabil baina ez dakit non eta zertan bukatuko dudan. Konplikatu da”, dio kazetariak. Hala ere, ez zitzaion bat ere inportako musikaren mundu horretara itzultzea.

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario