jueves, 7 de marzo de 2013

Mikel Urdangarin: “Musikaren munduan, sinesmen handia behar duzu zugan, ezinbestekoa da apur bat erotuta egotea”



Mikel Urdangarin Zornotzan jaio zen eta Gasteizen bizi den euskal abeslaria da. Bertsolaritzaren munduari hoska egin ostean, musikaren mundua dastatzea erabaki zuen 22 urte zituela. Pasa den Durangoko Azokan Azula izeneko 11. Diskoa argitaratu zuen abeslariak. Azkenengo lanaren kontzertuak eskaintzeaz gain, Sortuko Dira Besteak ekimenean ere parte hartu berri du beste hainbat abeslariekin batera.


Musikaren munduan murgildu aurretik, bertsolaritzan aritu zinen hainbat urte. Nola definituko zenuke esaldi batean bertsolaritzan izandako esperientzia? 
Esaldi batean edozer definitzea zaila da eta bertsolaritza, hitz batean, intentsoa izango litzake. Ez dut ezagutzen arte espresiorik horrelako harreman biluzia eta sendoa duenik. Adibidez, nik, orain abestean, gitarra bat dut esku artean, baina bertsolaritzan ez dago armarik, ahotsa, doinua eta bere burua besterik ez du bertsolariak. Gainera, dena sortu berria da. Horregatik esaldi baten definitzea baino errazagoa egiten zait horrela egitea: intentsoa da. 


Noiz eta nola erabaki zenuen bertsolaritza atzean utzi eta musikaren munduan murgiltzea?
Bertsolaritzan ikastola garaian sartu nintzen, bertsolaritzako doinu zaharrek sorginduta hasi nintzen. Alegia, musikak sorgindu ninduen, bertsoak berak baino. Eta 22 urte nituela, atera nintzen, beste behin ere musikak berak sorginduta. Zaila da bertsoz musikan sakontzea eta mundu hori bizitzea. Nahiz eta inoiz sentitu naizen bertsolari, halako batean, igarri nuen musikaren teila; halako dei fuerte bat, esanez: “Mikel, zatoz mundu hontara”, noski, bestea guztiz abandonatu gabe. Nik urtero bertso plaza bat egiten dut, oso lagun artekoa baina bertsolari onek lagunduta. Eta hor dago nire lokarria.


Durangoko azokan aurkeztu berri duzun 11.diska da Azula. Zergatik Azula?
Nire kolore gogoko bat izan zen nerabezaroan eta lasaitzen ninduen kolorea. Nolabaiteko bakea ematen zidan, nerabezaroa moduko garai ero batean zerbait lasaitzeak asko eskertzen da eta koloreak gaitasun hori dauka, musikak bezala. Gainera, naturan oso txertatua dagoen kolorea da: itsasoan, zeruan, pertsonen begietan, oso kolore humanoa da niretzat beste batzuekin alderatuta. Niretzat esanahi bat eta zuretzat beste esanahi bat izan dezakeen kolorea, beraz, nahiko irekia irekitasun edo irekiera horrek deitu zidan izenburua jartzeko orduan.

Zure diskoak osatzen duten hainbat abesti zuk idatzi dituzu. Artista bezala, nola definituko zenuke zure burua: letragile bezala edo abeslari bezala?
Abestien ehuneko handi bat nik idatzi ditut. Gertatzen dena da pertsona desberdinak ezagutzen ditudala. Sormen prozesua konpartitzea gustuko dut, hau da, nireak ez diren hitzak musikatzea asko gustatzen zait. Normalean erosoen nire hitzekin nabilen arren. Beti musika idazten dut lehenago, eta ondoren, letrak. Letragile baino, bere kantu gehienak idatzi dituen pertsona naiz. Ez dut inoiz idatzi letra bat gero musikatua ez dena izan, orduan beti batera etorri dira.

Beste hainbat letra, ostera, Kirmen Uriberenak dira. Hark “Anek idatzi dit zutaz” lana, lagun baten ikuspuntutik idatzirik dagoela azaltzen du. Zergatik esaten du hori Kirmenek?
Lagunak garelako. Hor dago laguntasuna eta askotan errealitate hori ezin da ezkutatu besteari buruz idazten duzunean. Ziur aski Kirmenen partetik afektibitatea eta hurbiltasuna dago. Disko hau osatzen duten abestiak nik idatziak dira eta nire lagunengan oinarritutako abestiak. Gai aldetik, giza harremanak baino esparru aberatsagorik ez dut ikusten. Zu eta ni, ni eta zu bat. Zu eta ni askotan ez da zertan bikote izan behar, baizik eta bi pertsonen arteko mundua, edo gehiago. Gure artean eman daitezkeen harremanak. Bizitza hori da, normalean guk bakarrik zentzurik ez dugu. Hau konplikatzen hasten da jendea ezagutzen hasten zarenean, eta edertzen ere bai. 

Euskal Herria oso maite duzu eta sentimendu hori zure abestietan islatzen duzu maiz. Nolakoa da zehazki zure herriarekiko duzun sentimendua? Eta nola islatzen duzu hura zure abestietan?
Sentimendu hori pertsonak aldatzen doazen bezala eraldatzen doa. Baina ni naiz pertsona bat oraindik guztiz egin gabe dagoen herri batekoa, ez zaiona uzten herri izaten guztiz. Batetik, kanpotik ez digutelako uzten eta bestetik, gu ere ez garelako gai gure txikikeria behartuta edo ez gara gai ditugun herramientak ondo erabiltzeko, herri nortasuna garatzeko eta apur bat euskaldunago izateko. Orduan nolabait ere abestietan islatzen da ezintasun hori. Bestetik, badaukat horrelako haserre puntu bat ez garelako gai. Hor badaukat horrelako frustrazio bat baina tarteka agertzen da abestietan eta gero badugu horrelako aldarrikapen bat, euskaldun sentitzen naiz eta munduan horrela jokatzen dut. Gainera, kantuetan ametsetan bezala gertatzen da. Esparru guztiz librea da, kalterik ez dago, zuk zure buruari jartzen diozuna baino.


Bestalde, Alex Sardui, Eñaut Elorrieta, Arantxa Irazusta, Pier Paul Berzaitz eta Pettirekin batera, Xabier Leteren omenez egindako Sortuko Dira Besteak proiektuarekin bira amaitu berri duzu. Zer suposatzen du zuretzat Xabier Leteri horrelako omenaldi bat egiteak? Zer nolako esperientzia izan da? 
Xabier Leteren bertsoak nik erabiltzea nire ahoan erabiltzea plazer eta ohore handia izan da. Gainera, bera ezagutzen ez zuen jendeari, jende gazteagoari ezagutarazten ematea oso esperientzia polita izan da. Zerbait eman bada kantutegi baten transmisioa izan da. Eta nik uste dut hori izan dela Sortuko Dira Besteak-en ekarpenik handiena, politena eta niretzat gehien balio duena. Hauekin kantatzea, tira, aspaldiko lagunak dira gehienak eta haiekin taula konpartitzea eskolan jolastokian egotea lez izan da. Oso esperientzia goxoa, inolaz ere garratza eta elkarrekin barre asko egin dugu. Ondo pasa dugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario