martes, 27 de noviembre de 2012

"Dana eman behar jako maite dan askatasunari"


Hegazkinak entzuten dira. Beste leherketa bat herrian. Korrika dabiltza herritarrak. Haurrak urduri daude, gurasoak beldur dira. Trintxeretara heldu dira guztiak. "Aitona falta da" ohiukatu du bost urteko haurrak. Amonak salbu dagoela erantzun dio. Ondoren zerura begira, keinu batekin bere senarra agurtu duelarik. 

Atea ireki zuen gizon batek. Aitaren izena ohiukatu eta besotik helduta atetik irten ziren biak. Gaur iritsi da aitaren gutuna. Azken aldiz berarengandik banatzen nauten zerrailen beste aldean ikusi nuen aita. Makal eta triste zirudien. Amak gutuna ireki eta irakurtzen hasi da. Amaren negar malkoek gutunera erortzean aitaren tristura hitzak ezabatu dituzte.

Denborak aurrera egin du. Aitonaren falta somatzen zuen haurra, aitona da jada. Eta Bizkaiak jasandako bonbardaketak oroitzean bere bilobari, tristuraz betetzen zaio bihotza. Begiek dirdira egiten diote, itsaso bilakatu dira. Tristuraren itsaso. Aita espetxean zuen haurra, aita da orain. Maite duen herriarengandik dana eman duen aita. Bere semeari maite duenagatik borrokatzen erakutsi dion aita eta bere semearentzat begirik baino ez duen aita.

Eraso guzti hauek iraganeko kontu direla entzuten da maiz. Oroitzapen guzti hauek milaka pertsonen bihotzetan gordeta dauden bitartean,bizirik jarraituko dute. Eta etorkizunean halakorik ez gertatzeko, bihotzetan pizturik jarraitu behar du suak. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den sua. Inoiz indarrik galdu ez duen sua. Amaierara iritsi arte bidearen iluntasuna argituko duen sua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario